Mausitxako gaztak, Txillarreko barazkiek eta Edurtzeta Atutxaren frutek eskuratu dituzte Gabon Zahar Feriako sari nagusiak

Barren.eus 2022ko abe. 31a, 16:07

Urteko gaztarik onena topatzeko ez da urrunera joan behar. Mausitxak irabazi du Urteko Gazta Txapelduna aukeratzeko gazta txapelketa.

Gabon Zahar feriako ekimenik esanguratsuenetarikoa da Gazta Lehiaketa. Aurten ere, hamalaugarren aldiz, gaztagilerik onenak izan dira Elgoibarren, nor baino nor, 2022ko gazta onenaren saria eskuratzeko helburuarekin.

2022an antolatutako eta Jatorri Izendapeneko Kontseilu Erregulatzaileak araututako ardi-gazta lehiaketaren batean irabazi duten gaztagileek parte har dezakete txapeldunetan txapeldunena aukeratzeko lehiaketan. Aurten 11 gaztagilek irabazi dute txapelketaren bat, gutxienez, eta horiek lehiaketara aurkeztutako gaztak dastatu eta epaitu dituzte epaileek udaletxeko pleno aretoan egin duten txapelketan. Aurkezle lanak egin dituen Imanol Artolak irabazlearen izena argitu duenean, nabari-nabaria zen Mausitxakoen poza. Azken aldian txapelketetan "zorte handiegirik" ez dutela eduki azaldu du Jesus Mari Ansolak eta txapelketa garrantzitsu hau irabaztea ezustekoa izan dela aitortu du pleno aretoan ziren gainerako gaztagileen eta herritarren aurrean. Gazta txapelketak irabazteko sekretu berezirik ez dagoela azaldu du Rosa Salegi Mausitxako gaztagileak, egiten denean maitasuna jarri eta pazientzia izatea aipatu ditu (ikus bideoan). 1.500 euroko saria jaso du Mausitxak, gazta lehiaketetan ematen den saririk handienetarikoa. Arantza Tapia sailburuaren, Ane Beitia Alkatearen eta Eider Mugertza Kalamua elkarteko ordezkariaren eskutik jaso dituzte irabazlearentzako gordetako sariak. 

 • Txillarreko barazkientzat lehen saria
Gazta lehiaketaz gainera, sari gehiago ere banatu dituzte. Gipuzkoako barazki postu onenak aukeratzeko lehiaketan ere etxean gelditu da lehen saria, Txillarre baserriko Argiñe Rubiok jaso baitu. Gainera, feriako posturik onenaren saria ere jaso du Txillarrek. Sariak lana gogotik egitearen emaitza direla azaldu du Rubiok saria jasotzerakoan, eta aitari, Pello Rubiori ere egin dio aipamena eta aitortza, etxean "irakasle ona" duela esanez.

Fruta eta barazki lehiaketak bi atal izaten ditu. Alde batetik Gipuzkoako saltokirik onenak saritzen dituzte; eta, bestetik Gipuzkoatik kanpoko saltoki onenak. Gipuzkoakoei dagokionean, barazkietan, Zumarragako ekoizle Edurne Astigarragak jaso du bigarren saria eta Mikel Mandiola nekazariak jaso du hirugarrengoa. Gipuzkoatik kanpoko barazki postuen atalean, Gorka Irazabal izan da irabazlea, Gamiz-Fikako Goreko baserriko ekoizlea. "Behar asko egin behar izan dugu Elgoibarrera ekarri dugun saltokia osatzeko, baina oso pozik gaude saria jasota. Gainera, beste ekoizleen postuak ikusita, aurten maila igo egin dela esan behar dut", adierazi du Irazabalek saria jaso ostean. Markinako Alejando Arrietak eta Iker Villasanak jaso dute bigarren saria (ex aequo). Aurreko biak moduan, hirugarren saria ere Bizkaiko lurretara joan da, Ispasterko Iparragirre baserriko Igor Lete saritu baitute.

Fruta lehiaketan Igorreko Jauriberrigoikoabehekoa baserriko Edurtzeta Atutxa ekoizle bizkaitarrak ferian jarritako postuak lortu du lehen saria, Gipuzkoatik kanpoko fruta postuen alorrean. Elgoibarren irabaztea beti dela pozgarria esan du eta are gehiago amaitzear den urtea "oso txarra" izan dela-eta. Bigarren saria Ispasterko Igor Letek jaso du.

Gipuzkoako fruta postuen atalean, lehenengo eta bigarrengo sariak ez ematea erabaki dute lehiaketako epaileek, eta 3. saria, berriz, Aretxabaletako Untzilla baserriko Joxe Lonbidek jaso du.

Nabarmentzekoa da Elgoibarko Urruzuno bailarako Intxusitza Azpiko baserriko Iraitz Maguregi Izagirre lortutako errekonozimendua, mendiak ondoen zaindu dituen baserriaren saria eskuratu baitu. Mendiak garbi eta dotore edukitzeak "lan handia eta probetxu gutxi" ematen duela esan du Maguregik, eta gutxi baloratzen den lana dela gainera.

Era berean, Arantxa Zubia ekoizle mallabiarrari ere egin diote aitortza, 35 urtean feriara hutsik egin gabe etorri baita. Egiten diren ferien artean handiena dela Elgoibarko Gabon zaharrekoa esan du.

 

2022 12 31 gabon zahar feria elgoibar barazki lehiaketa txillarre irabazle BARREN

2022 12 31 gabon zahar feria elgoibar barazki lehiaketa txillarre irabazle postuan BARREN

2022 12 31 gabon zahar feria elgoibar fruta lehiaketa edurtzeta atutxa igorre irabazle BARREN

2022 12 31 gabon zahar feria elgoibar fruta lehiaketa edurtzeta atutxa igorre irabazle postuan BARREN

2022 12 31 gabon zahar feria elgoibar barazki gipuzkoas at Gorka irazabal BARREN

2022 12 31 gabon zahar feria elgoibar mendiak zainduen iraitz BARREN

2022 12 31 gabon zahar feria elgoibar aitortza 35 urte Arantxa Zubia BARREN