Ohi duten moduan, urteko lehen zapatuan ospatu zuten Deban Urte Berriko Azoka. Landa eremuan garatzen den jardueraren erakusleiho izan zen Deba, herrigunean ipini zituzten askotariko 70 bat postuei eta ganadu feriari esker. Era berean, hainbat lehiaketa egin zituzten azokaren barruan. Gazta lehiaketan Mauxitxa baserrikoek aurkeztutako gaztak irabazi zuen lehen saria, egun gutxitan lortzen duten bigarrena, Elgoibarko Gabon Zahar ferian garaipen garrantzitsua lortu baitzuten Urteko Gazta Txapelketa irabazita. Azken aldian lehiaketetan zorte handirik gabe zebiltzala esan zuen orduan Jesus Mari Ansolak, baina badirudi zortearen haizea alde jarri zaiela, zorteak zeresanik badu era honetako txapelketetan. Gainera, Debako gazta txapelketa irabazteagatik, ziurtatuta dute parte hartzea urte amaieran Elgoibarren jokatuko duten 2023ko Urteko Gazta Txapelketan. Ilarduiako La Leze baserriko gaztak eskuratu zuen bigarren saria Deban eta Mutrikuko Goienetxe baserriak aurkeztutako gaztak lortu zuen hirugarren saria.
• Bi elgoibartar sarituak ezti lehiaketan
Barazki eta fruta lehiaketez gainera, ezti lehiaketa ere egin zuten Deban, eta bi eztigile elgoibartar saritu zituzten. Bergarako Erlantza Olabarriak jaso zuen lehen saria, epaimahaiak emandako 23,9 puntuei esker, Elgoibarko Jose Alberto Egurenek bigarrengoa (23,7 puntu) eta Julian Villenak aurkeztutako eztiak jaso zuen hirugarren saria, 23,2 puntu batuta.
Berriketan, Debako herri aldizkariaren webgunean ikus ditzakezue Urte Berriko Azokako argazkiak.