Elgoibarko Espeleologia Taldea omenduko du Altzolatarren Dorretxea Filatelia Elkarteak aurten, eta espeleologoek jasoko dute errekonozimendua San Antonetako zigilu erakusketaren itxiera ekitaldian.
Elgoibarko lagun talde bat hasi zen 1973rako lurrazpia arakatzen, eta urte horretan bertan eskualde honetako lurrazpiak zeukan balioaz jabetu ziren, Eibarko Kezka aldizkarian irakurri zuten artikulu bati esker. Itziarko Aixa kobazuloa deskubritu zuten, eta horrekin batera Debabarreneko lurpearen aberastasuna. Orduan erabaki zuten espeleologia era metodiko eta antolatuagoan praktikatzea. Erabaki hori hartzeaz batera konturatu ziren espeleologiari buruz zegoen informazio apurraz. Espeleologia, el alpinismo de las profundidades liburua eskuratu zuten, eta hura izan zen euren gida nagusia. Une hartan erabaki zuten, beraz, lurrazpia arakatu eta aztertzeaz gain, aurkikuntzen berri eman behar zutela, eta dibulgazioa ere bere gain hartu zuten espeleologo haiek. Espeleologiako oinarrizko teknikak erabiltzen hasi ziren kobazuloetara jaisteko, baina oinarri-oinarrizko materiala falta zuten. Ez zeukaten espeleologia praktikatzeko material aproposik, eta beraiek sortu zuten lanerako behar zuten gehiena. Arropak ere baserri munduko materiala saltzen zuten biltegi itxurako denda batean erosi zituzten: oihalezko buzoak, obretako kaskoak, sokak eta karburozko kanabilak izan ziren hastapenean erabilitako materialak. Urte hartan Aitzbeltz koban sartu ziren, eta Atxuri gaina arakatu zuten, igoera hark zituen zailtasun guztiekin. Espedizio hark erakutsi zien espeleologiarako teknikak eta materialak hobetzeko eta talde moduan eratzeko ordua iritsi zela. 1974a zen, eta Elgoibarko Espeleologia Taldea sortzeko pausoak ematen hasi ziren. Jose Manuel Tobajas, Santos Diez eta Angel Mari Tobajas Morkaiko Mendizale elkartearekin bildu ziren, eta hainbat bileraren ostean, Elgoibarko Espeleologia Taldea sortu zuten, Morkaikoren babesean. 1974an, beraz, beste fase batean sartu zen Elgoibarko espeleologia. Ioseba Zabala, Santos Iñigo, Jesus Mari Torres, Jokin Altuna eta Iñaki Ulazia ere batu ziren taldera, eta jende gehiagok ere parte hartu izan zuen tarteka espeleologia abenturetan. Morkaiko Espeleologia taldearen arakatze-eremua Izarraitzeko karst-a izan zen, Mendaroko Garagartzaraino iristen dena, Kilimon bailaran barrena. 80ko hamarkadan ingurune horretako sistema hidrogeologikoaren ikerketa egiteko eskatu zieten, eta hurrengo bi urteak eman zituzten lan horretan. 1983an entregatu zuten milaka datuz beteriko txostena Elgoibarko Udalean eta beste hainbat erakundetan. Hura izan zen Izarraitzeko karsteko lurpeko urei buruzko lehenengo txosten teknikoa, eta Aranzadi Zientzia elkartearen errekonozimendua ere jaso zuen taldeak. Informazioa zabaltzearen garrantziaz jabetuta, hitzaldiak, irteera gidatuak eta beste hainbat ekimen antolatzen hasi ziren, eta baita egunkarietan zein herrietako festetako programa liburuetan idazten ere.
- ERREPORTAJEA osorik BARREN aldizkariko 1271. zenbakian -PDF-
Hona azken 50 urteotako hainbat argazki: