Zuhaitz Gurrutxaga: “Unibertsitatea izan da niretzat ‘Herri txiki, infernu handi’ saioa”

Barren.eus 2023ko ots. 3a, 13:52

Domekakoa izan zuen 'Herri txiki, infernu handi' saioko azken atala Zuhaitz Gurrutxagak (Elgoibar, 1980). Los Angelesen antzeztu zuen agurra zortzi urtean sozio izan duen Mikel Pagadirekin. Dena den, bera gabe ere, saioak jarraituko duela nabarmendu du. Miren Nogalesek (Zestoa, 1991) hartuko dio erreleboa.

 • Zortzi denboraldi egin dituzu 'Herri txiki, infernu handi' saioko aurkezle lanetan. Badira urte batzuk telebistarako!
Zaila da, bai, gaur egun telebistan horrenbeste urte egitea eta alde horretatik ezin pozago gaude. Hasi ginenean hamar atal grabatzea zen gure asmoa eta erronkatzat genuen hori bera ere, telebistan audientziak agintzen duelako eta hamarrera iristea ere zaila delako, baina azkenean 215 saio grabatu ditugu Euskal Herrian, eta Ameriketan grabatu ditugunak gehitu behar zaizkio horri. 'Herri txiki, infernu handi', baina, ez da hemen amaitu eta horrek esan nahi du euskal herritarrek estimuan dutela. Igarri dugu fideltasun eta maitasun hori geuk ere, bai audientzietan, bai eta kalean ere.

 • Zenbat amama konkistatu dituzu?
Amamekin izan dudan konexioa izugarria izan da. Inoiz pentsatu izan dut telebistatik berriro deituko banindute gustura egingo nukeela amama edo amatxiekin saio bat.

 • Hollywooden, zinemako izarren gailurrean, antzeztu zenuten Mikel Pagadik eta biok agurra. Erabakia hartua zenuen eta okerrena beharbada pasata, baina nola oroitzen duzu momentu hura?
Nahi genuen zerbait hunkigarria izatea, baina tira, sentimenduak elkarri adierazten ez gara gu abilenak eta egin genuen ahal izan genuena. Erabakia hartu artekoa zaila izan zen. Gustukua nuen saioa, gustukua lana, baina iruditzen zitzaidan ziklo bat itxi beharra neukala eta erabaki hori hartzea ez zitzaidan, ez, batere erraza egin. Agurra, tira, baina aitortuko dizut agurraren osteko eszena neure begien aurrean grabatzen ikustea gogorra egin zitzaidala. Miren Nogalesen eta Mikel Pagadiren arteko solasaldia nola grabatzen zuten harri baten gainean jarrita ikusi nuen eta sentitu nuena berezia izan zen. Bertatik bertara ikustea norberak horrenbeste urtean bete duen lekua beste batek nola hartzen duen ez da erraza, nahiz eta lana lagatzea norberak erabaki eta sentitu ordezkoak norberak bezain ondo edo hobeto egingo duela. Akordatzen naiz mendi tontor hartatik burumakur jaitsi nintzela, bajoiak jota. Baina, tira, bukatu genuen eguna euskaldunon modura: parrandan.

 • Danimarkatik ekarritako formatoa du saioak, hona egokitutakoa. Zein garrantzitsua den ondo egindakoa ondo kopiatzen jakitea ere, ezta?
Bai, ez dakit danimarkarrek zer pentsatuko duten, baina bai, funtzionatu du behintzat. Uste dut formatu hura gurera egokitzen asmatu genuela eta hor zeresan handia izan zuela saioa euskaratik eta euskaraz sortzeak. Hizkuntza bakoitzak bere kodeak dauzka eta saio honek erdaraz ez zuen izango euskaraz izan duen arrakastarik.

 • Orain hurrengo esan zenigun hain sentitzen zinela gustura saioan uste zenuela propio zeuretzat sortua izan zela. Zer eman dizu?
Unibertsitatea izan da niretzat. Oso lan konpletoa izan da egin behar izan dudana: egin behar izan ditugu elkarrizketak, eta umoretik gainera, eta guk geuk idatzi behar izan ditugu emanaldietarako txisteak ere; beraz, gidoilari lanak eta aktore lanak ere egin behar izan ditugu, txiste horiek oholtza gainean defenditzen ere jardun garelako. Eta balio izan dit, era berean, neure burua ezagutzeko ere. Akordatzen naiz lehenengo denboraldian nola esan zidan batek enpatia handia erakusten nuela, bereziki adineko jendearekin. Enpatia zer zenik ere ez nekien nik eta hiztegian bilatu behar izan nuen. Egunerokoan ez dakit ni hain enpatikoa naizen beti eta hainbeste jartzen naizen besteen lekuan, baina adinekoak grabatzen konturatu naiz badudala haiekin sintonia on bat. Hain gustura jardun naiz aiton-amona denekin, askotan sentitu dudala neuretzat egindako saioa izan dela. Oso eskertua nago, maitasun handia jaso dudalako haiengandik, benetakoa gainera. Futbolari nintzela ere gelditzen ninduen jendeak kalean, baina beste maitasun bat zen, azalekoagoa eta zuriagoa. 80 urtekoak ez daude gezurretan aritzeko. Haiek pentsatzen dutena esaten dute, izan ona nahiz txarra, eta gauza handia da haiei entzutea gu ikusi gabe ez zirela domeketan oheratzen. Hori da zortzi urte hauetatik gehien baloratzen dudana.

 • Umorea egin duzue. Badu Ane Labakak umoreaz saiakera interesgarri bat: 'Algara mutilatuak' (Lisipe, 2021). Zer da zilegi eta zer ez umorean? Nola bizi izan duzu hori?
Bai, erreparo handia izan diot beti umorea egiteari, oso lausoak iruditzen zaizkidalako umorearen marra gorriak. Norbaitekin barre egitetik norbaitetaz barre egiterako tartea hain da estua askotan, beldurra ere sentitu dudala, badagoelako gauza bat sekula barkatuko ez niokeena neure buruari: batzuk barrez edo txaloka jartzeagatik beste bat lotsaraztea. Beti izan dut alerta piztuta umorearekin, eta hala ere, seguru nago ez dudala beti asmatu; horregatik, barkamena eskatzen diet hemendik noizbait minduta sentitu direnei. Horretxek sufriarazi dit gehien. Beren etxeak eta bihotzak zabaldu dizkigute elkarrizketatuek eta ahalegindu naiz beti kontu handienaz jokatzen, baina bai, aitortuko dizut kezkaren bat izan badut, hori izan dela beti. Zer den zilegi eta zer ez umorean? Neure buruaz umorea egiten ari naizenean sentitzen naiz ni erosoen. Nik buruko osasunaz barre egiten dut, baina neureaz. Askotan esaten da umoreak behetik gorakoa izan behar duela, goitik beherakoa baino gehiago, baina nik muga hor jartzen dut beti: neure buruaz bakarrik barre egitean. Ez nago ni honen inguruan lezioa emateko inori, baina nik modu honetan bizi dut umorea.

2023 02 20 zuhaitz herri txiki agurra eitb 610x342

 • Aipatu izan duzu Ameriketan grabatzea oparia izan dela zuretzat. Gutxienez bi badira egin dizkizuten opariak hortaz, Mendaroko saioa grabatu berritan aitortu zenigulako Aiastian grabatu ahal izatea izango zela zuretzat oparirik handiena.
Aiastiako saioa emititu zenean telebista uzteko moduan nengoen ni, neure auzoa erakustea baino gauza garrantzitsuagorik ez zegoela sentitzen nuelako. Ni hain harro nago aiastiarra izateaz sentitzen dudala goia orduan jo nuela. Umetan, Euskal Herriko Itzulia gure auzotik pasatzen zenean, han egoten nintzen munduko txirrindulari onenak lau segundoan gure auzotik pasatzen ikusten, eta gauean, errepikapena ikusten nuen telebistaz. Zain egoten nintzen helikopteroko irudietan noiz gure auzoa eta gure etxea ikusiko. Hiru segunduz agertzen ginen Euskal Telebistan eta ni harro! Pentsa zer den ordu t'erdiko saio batean norbere auzoa eta norbere auzokide eta senideak telebistan erakustea. Eta nik uste dut askok harrotasun hori sentitu dutela 'Herri txiki, infernu handi'n beren herria eta herrikideak ikusi dituztenean. Kalean askotan etorri zaigu jendea eurenera joatea eskatuz.
Zalantzarik gabe, oparia izan zen Aiastian grabatzea, Ameriketan grabatzea bestekoa edo handiagoa. Ameriketakoa oparia izan dela diot, ekoizleek erabaki zezaketelako beste bat bidaltzea hara, nik esana nielako uzteko asmoa nuela, baina ez, neuri eman zidaten aukera hori eta eskertzen diet. Hemendik hara joandako euskaldun askoren kontuak irakurriak eta ikusiak nituen aurrez, baina haiek bertatik bertara ezagutzea eta filmeetan horrenbestetan ikusitako parajeak neure begiz ikustea izugarria izan da.

 

2023 02 03 Zuhaitz Gurrutxaga pagadi lizaso herri txiki infernu handi