Langabezia tasak behera egin du eskualdean

Barren.eus 2023ko ots. 6a, 10:38

Langabezia-tasa %10etik beherakoa da eskualdeko herri guztietan, Eibar eta Soraluze izan ezik.

Urtarrileko datuen arabera, 475 langabe daude enplegu bulegoetan erregistratuta Elgoibarren, eta langabezia-tasa %8,76koa da. Horrela, langabeziak apur bat behera egin du azken hilabetean herrian. Joan den hilabeteko datuen arabera 480 lagun zeuden langabezian eta langabezia-tasa %8,85koa zen. Mendaron, berriz, apenas egon da aldaketarik, eta 76 langaberekin %7,48koa da langabezia-tasa. Bi herrietan eskualdeko batez-bestekoaren azpitik dago langabezia-tasa. 2.610 langabe daude Debabarrenean (%9,96). Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluzeko datuak kontuan hartuta.

 • 2022ko datuak
2022 osoari begiratua eginez, berriz, bailarako datuak zertxobait hobetu ziren urte hasieratik bukaerara bitartean. 2022. urtea 2.679 langaberekin (%10,22) hasi zuen Debabarrenak eta 2.640rekin (%10,07) amaitu zen urtea. Hau da, 39 lagun gutxiago zeuden lanik gabe. Alabaina, herriz herri aztertuz gero, Elgoibarren, Deban eta Soraluzen gora egin zuen langabeziak 2022an, eta gainerako herrietan, berriz, apurtxo bat behera.

2023 02 06 langabezia taula denabarrena 2022

 • Hego Euskal Herrian
Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak jakinarazi duenez, urtarrilean 2.495 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, baina, hala ere, 2022ko urtarrilean baino 3.039 langabe gutxiago daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enplegu bulegoetan erregistratuta (ikus grafikoan). Nafarroan ia 400 langabe gehiago zenbatu dituzte, baina datuak neurtzen hasi zirenetik urtarrilean inoiz izan den igoera txikiena da.
Kontratazioari dagokionez, 56.072 kontratu berri sinatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, horietatik 15.000 mugagabeak. Urte arteko balantzeari begiratuta, lan erreforma indarrean sartu zenetik kontratazioak egonkortu egin dira eta, beraz, bolumen globala murriztu egin da. Dena dela, 2022ko hilabete berean baino % 73,13 gehiago dira.
Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen kopurua % 0,98 (9.762 afiliatu) jaitsi da abendutik urtarrilera Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak argitaratutako datuen arabera. Guztira, 984.315 pertsonak kotizatzen dute Gizarte Segurantzan, iazko urtarrilean baino 10.729 gehiago (% 1,1).

Hona hemen Debabarreneko 2022ko ABENDUKO datuak, herriz herri:
Hona hemen abenduko datuak herriz herri:

  • Eibar 1.470   (%11,58)
  • Elgoibar 480   (%8,85)
  • Mendaro 77   (%7,58)
  • Deba 166   (%6,36)
  • Mutriku 206   (%7,93)
  • Soraluze 241   (%12,92)
  • Debabarrena 2.640   (%10,07)


Hona hemen 2023ko URTARRILEKO datuak, herriz herri:

  • Eibar 1.449   (%11,41)
  • Elgoibar 475   (%8,76)
  • Mendaro 76   (%7,48)
  • Deba 166   (%6,36)
  • Mutriku 203  (%7,82)
  • Soraluze 241  (%12,92)
  • Debabarrena   2.610 (%9,96)