347 plaka fotovoltaiko instalatuko dituzte Azitaingo industrialdeko zortzi enpresatan (Acha Herramientas, Codesyntax, Hanna Instruments, Inkubagailua Eibargunea, Jose Maria Irazabal, Manufacturas Resort, Neurtek eta Kirolbet) energia emateko. Proiektuan parte hartzen duten zortzi enpresek izaera juridiko propioa duen energia-komunitatea osatu dute proiektua martxan jartzeko.
Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak eta enpresek sustatu dute TEK Azitain, Energiaren Euskal Erakundearen, Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eta Eibarko Udalaren laguntzarekin. 1.086 metro koadroko azalerarekin, instalazioak 156 kW sortuko ditu, eta urteko faktura elektrikoan asko aurreztea ahalbidetuko die horrek. Izan ere, eguzki-plakek sortzen duten energia enpresa bazkideen guztizko kontsumoaren %25 da gutxi gorabehera. Fakturatik deskontatuko zaie zuzenean eta ez dute ordainduko ez bidesaririk ez kargurik. Abantaila ekonomikoekin batera, urtean 972 tona CO2 isurtzea saihestuko dutela azpimarratu dute, eta hori, 25 urtean emisioak xurgatzen dituzten 3.891 zuhaitz landatzearen baliokidea dela azaldu dute. Proiektu honekin Azitaingo enpresen energia autonomia handitu nahi dute eta bertan dauden enpresen energia-lehiakortasuna handitu. Horretarako, industrialdean bertan biltegiratze-sistema bat eta instalazio fotovoltaiko gehiago jartzea aztertzen ari dira, interesa duten enpresak komunitatean sar daitezen. Izan ere, komunitate honek enpresa eta/edo instalazio gehiago har ditzake bi kilometroko erradioan.
TEK Azitaingo lehendakaria den Miguel Ángel Arenasek nabarmendu duenez, ekimen honi esker, enpresek modu garbiagoan eta jasangarriagoan parte har dezakete energiaren sorkuntzan eta kontsumoan. "Urtebete daramagu proiektu honetan lanean, eta, azkenean, gauzatu egingo da, izan ere, datozen asteetan instalazioa egin eta abian jarriko da".
Informazio osoagoa: debegesa.eus