Unai Iantzi aniztarra gailendu zen gizonezkoetan. Kirolari nafarrak bost minutu eta 50 segundoan saskiratu zituen 50 lokotxak, errekor berria ezarriz. Jon Vegas sailkatu zen bigarren (6.40) eta Jon Larrañaga mendaroarrak egin zuen hirugarren (6.42). Iraitz Ferreira mendaroarra ere lehiatu zen txapelketan, eta seigarren sailkatu zen (6.58).
Larrañagak balorazio positiboa egin du bere parte hartzeaz, lanak amaitu berritan horren gustura ez zegoela aitortu arren. "Ondo prestatuta joan nintzen txapelketara eta egin nuena baino saio hobea egitea espero nuen, baina... akats txiki batzuk egin nituen eta ez zitzaidan nik nahi bezain ondo irten. Lehen sentsazio horien ostean, hotzean, lan eta denbora onak egin nituela uste dut. Iraitz ere ondo moldatu zen, berak ere iaz egindako denbora ontzea lortu baitzuen. Bigarren txandan lehiatu ginen biok, eta irabazleak lehen txandan egin zuen marka ikusita, zaila, ezinezkoa ez esatearen, ikusten genuen Iantzik egin zuen denborara gerturatzea. Txapelduna zoriondu eta aurrera segitzea, ez dago besterik", esan du Euskal Herriko txapeldun birritan izan den herri kirolari mendaroarrak. Larrañaga 2011n eta 2021ean jokatutako txapelketetan gailendu zen. Gipuzkoako txapelketa, berriz, bost alditan dauka irabazia, azkena iazko urrian, Aian.
Ainhoa Etxegarai (7.18) beratarra gailendu zen emakumezkoetan, Ainhoa Iraizozi (07:18) eta Amaia Jimenezi (07.47) aurrea hartuta.
Gizonezkoen sailkapena eta denbora
- Unai Iantzi: 5.50
- Jon Vegas: 6.40
- Jon Larrañaga: 6.42
- Aritz Iturribarria: 6.50
- Asier Gamio: 6.53
- Iraitz Ferreira: 6.58
- Unai Ardeo: 7.44
Emakumezkoen sailkapena eta denbora
- Ainhoa Etxegarai : 07.07
- Ainhoa Iraizoz: 07:18
- Amaia Jimenez: 07.47
- Amaia Mendinueta: 09.18