Guztira hamar prestakuntza saio emango dituzte, doan (10 pertsonako taldetan). Hiru orduko saioak izango dira, eta 18 urtetik gorakoek hartu dezakete parte. Prestakuntza teoriko-praktikoak izango dira, eta larrialdietan homologatutako instruktoreek emango dute formazioa. Martxoan eta apirilean egingo diren saioetarako funtzionarioei, irakasleei eta ikastetxeetako langileei, guraso-elkarteetako kideei, kirol-elkarteei eta klubei dei egin die Udalak. Saioak astelehenetik asteazkenera egingo dituzte, 9:00etatik 12:00etara, 13:30etik 16:30era edo arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara, Kultur Etxeko sotoan.
Interesatuek martxoaren 9rako eman behar dute izena: https://labur.eus/elgoibarkardiobabestua
Elgoibar herri kardio-babestua izateko helburuarekin, kardio-babes osoko sistemaren ezarpena esleitu zuen Elgoibarko Udalak orain gutxi, eta Almas Industries Bsafe enpresak eskuratu zuen. Enpresa horrek hamar 10 desfibriladore instalatuko ditu Elgoibarren, eta 100 boluntario trebatuko ditu, bihotz-biriketako gelditze-egoeretan dauden pertsonei premiazko laguntza emateko. Udalak 46.770 euro (BEZ gabe) bideratu ditu zerbitzu hau martxan jartzeko.
∞Lotura duten albisteak