Desfibritzaileak espazio publikoan jartzeaz gain, prestakuntza-saioak ematea ere eskatuko zaie lizitaziora aurkezten diren enpresei. Formazio saio horiekin boluntarioak prestatu nahi ditu Udalak, erreskatatzaile izateko. Boluntario horiek alerta-sare bat osatuko dute eta larrialdi bat gertatzen denean, laguntza eskatuko zaie, APP baten bidez. Sakelako telefonoan deskargatu ahal izango dute APP hori erreskatatzaileek eta hara bidaliko zaizkie larrialdi-deiak, laguntza behar duen pertsonarengandik gertuen daudenak laguntzera gerturatu daitezen, ahal den azkarren, denborak urrea balio baitu halakoetan. Elgoibarko zenbait lekutan dagoeneko badaude desfibrilatzaileak, Olaizaga zein IMH kiroldegietan edo Mintxeta kirol gunean.
• Urbiziren ikastaroa, gaur
Gai honi lotuta, Urbizi urpekaritza klubak larrialdiak kudeatzen ikasteko ikastaroa antolatu du, Udal Kirol Patronatuarekin elkarlanean, gaurko, hilaren 18rakoa. Larrialdi egoera batean bizitza bat salba dezaketen teknikak eta jakin beharrekoak irakatsiko dituzte ikastaroan, besteak beste, Heimlich maniobra, bihotz-biriketako suspertzea edo oinarrizko bizi-euskarria nola erabili. Oinarrizko bizi-euskarriak biziari eusteari eta izan daitezkeen ondorioak ahalik eta txikienak izatea helburu duten jarduketen multzo bati egiten dio erreferentzia. Hortaz, barnean hartzen ditu honako alderdiak: hil edo biziko urgentzia-egoera identifikatzea, larrialdi-zerbitzuei abisatzea eta BBBrako teknikak aplikatzea.