Errezabal zahar-egoitzaren inguruko batzarra egin dute agintariek eta herriko zenbait eragilek

Barren.eus 2023ko mar. 3a, 14:14

Pilar ikastetxea egon zen orubean egin asmo dute Errezabal zahar-etxeaz berba egiteko batu dira Maite Peña foru diputatua eta Ane Beitia alkatea, egoitzaren proiektuarekin zerikusia duten Gizarte Zerbitzuetako herriko eragileetako ordezkariekin.

Bileran parte hartu zuten Jubilatuen Biltokiko ordezkariek, Nagusilanek, Bizitzen fundazioak, Elgoibar Lagunkoiak, San Lazaro egoitzak eta udal ordezkariek.

Batzarra egin ostean zabaldu duten prentsa oharrean azpiegitura berria zentro berritzailea izango dela azpimarratu du Maite Peña foru diputatuak. Eta adierazi du Elgoibarko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko gai dela, baita Debabarrena eskualde osokoei ere: "Proiektu anbiziotsua eta elkarlanekoa da adineko eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko, hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik abiatuta". Egoitza berria Elgoibarko tokiko zainketa-ekosistemaren ardatza izango dela ere nabarmendu du Peñak, eta, azaldu duenez, eremu irisgarria eta ingurunera konektatua izango da. "Gipuzkoak arreta eta zaintza eredu komunitarioago baterantz egiten du aurrera, eta pertsona bakoitzaren behar eta eskaeretan zentratzen da. Gipuzkoako eredu soziala bere egiteko modu batean oinarritzen da, hirugarren sektorearen lankidetzarekin eta esperientziarekin, eta zerbitzu eta politika sozialen sistema finkatu batean, eraldatzeko eta egokitzeko gaitasun handia dueña”. Elgoibarren eraiki asmo duten ekipamendu berria norabide horretan doala eta lurralde-mailan erreferentea izango dela esan du.
Ildo beetik, Elgoibarko alkate Ane Beitiak zehaztu du elgoibartarrengan eragin zuzena izango duela, herritarrei, hurbilen duten eremuan, "zaintza-zerbitzu eta gizarte-arlo aurreratu eta kalitatezkoa eskainiz".

 • Enpresek proposamenak aurkezteko epea
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren hasieran onartu zuen Elgoibarren gizarte-zerbitzuetako ekipamendu bat eraikitzeko eta kudeatzeko lizitazioa. Ekipamendu horrek honako hauek izango lituzke: adinekoentzako egoitza bat, eguneko zentro bat (40 plaza) eta aparkaleku bat (140-150 plaza). Obra gauzatzeko prest dauden enpresek proposamenak aurkezteko epea martxoaren 7an amaituko da. Gunea eraikitzeko eta kudeatzeko lizitazioaren aurrekontua 21 milioi euro baino gehiagokoa da.
Aldez aurreko azterlanen arabera, egoitza berriak 10.500 metro koadroko azalera izango du, gutxi gorabehera, eta 12-18 pertsonako bizikidetza-unitate txikiz osatuta egongo da. Gela gehienak banakakoak izango dira, eta komunitateari irekita egongo da, inguratzen duten berdeguneekin, egonleku zabalekin, jantokiekin eta kafetegiarekin.

2023 03 03 maite pena bilera errezabal zaharEtxea elgoibar

∞Lotura duten albisteak: