Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz, lau sari banatu zituzten Landaola sarien seigarren edizioan. Berastegiko udaletxean egin zuten sari emate ekitaldia, estreinatu berri duten ganbaran, hain justu ere. Hona lau irabazleak.
- Orexako Oihan Txiki kooperatibak jaso zuen Urteetako Ibilbideari saria. Aitortza jasotzerakoan, hasieratik herri proiektu bat izan zela nabarmendu zuen kooperatibako kide Beñat Leundak. Gaur egun kooperatibak, hamar laguneko lan taldea eta 1.500 ardi inguruko artaldea du, bere produktuen artean latxa ardiaren esne gordinez egindako Idiazabal Jatorri Deiturako gaztak, gazta urdina eta Otzara aurki ditzakegu. Leundak aurreratu duenez, gaztandegi berria egiteko proiektua dute, eta horretarako erakundeen babesa eskatu zuen.
- Erakunde Pribatuaren saria jasotzeko bost hautagai zeuden, eta horietako bat zen Asier Lizarralde eta Ane Munin elgoibartarrek sortutako Lizagasar Sagartokixa. Saria, baina, Erbel Erle Beltz Hazleen Elkarteak eraman zuen. Euskal Herriko zenbait erlezainen eskutik sortu zuten elkartea, 2018an, eta Zaldibiko Goizane eraikinean du egoitza. Egun 45 bazkide inguruk osatzen dute Erbel Erle Beltz Hazleen Elkartea.
- Erakunde Publikoaren saria Zumarragako Udalarentzat izan da, Zumarragako Azokarengatik. Bertako produktua, kultura, balioak eta Zumarragako aniztasuna batzen dituen zapatueroko topagunea dela nabarmendu du epaimahaiak. Arlo horretan, Eibarko, Hondarribiko, Zumarragako, Amezketako eta Zarauzko udalak eta Zubillaga hiltegia zeuden hautagaien artean.
- Azkenik, Emakumeak Landa Eremuan saria Errezilgo Azokarentzat izan da. Bost emakumek sortu zuten azoka, 1994. urtean, Errezil sagarrari aterabidea emateko sagar alea saltzen hasi zirenean, baina berehala balio erantsia eman beharra ikusi zuten. Konpotak, marmeladak, menbrilloa, sasoiko babarrunak, hurrak eta gaztak dira Errezilgo Azokak ekoiztu, elaboratu eta saltzen dituen produktuak.
Ikus hemen 28kanala Tolosaldeko euskarazko komunikabideak, sarien inguruan eginiko bideoa: