Lizagasar Sagartokixa, Landaola Saria jasotzeko hautagaien artean

Barren.eus 2023ko ots. 24a, 11:39

 Lau dira banatuko dituzten sariak: Erakunde Pribatuaren saria, Erakunde Publikoaren saria, Emakumeak Landa Eremuan saria eta urteetako ibilbideari saria, eta lehenengoa jasotzeko hautagaien artean daude Asier Lizarralde eta Ane Munin elgoibartarrak, Lizagasar Sagartokixa proiektuaren sortzaileak.

Erakunde publikoei dagokionean, sei proiektu daude sarietarako hautatuak eta erakunde pribatuen kasuan bost. Landaola Federazioa osatzen duten Gipuzkoako sei landa garapen agentziek aukeratu dituzte hautagaiak, eta honako hauek dira.

Erakunde Pribatuetan:

  • Bordazar baserria
  • Ereindajan Bergara ikasbidaiko otarren proiektugatik eta Angiozarko eskolako jangelaren antolaketagatik
  • Asier Lizarralde eta Ane Munin Lizagasar, Sagartokixa proiektuagatik
  • ERBEL Erle Beltz Hazleen Elkartea
  • Ibarbi Errezi Sagarra kooperatiba, elkarte izatetik kooperatiba izatera eman duen urratsagatik.

Erakunde publikoetan, berriz, Hondarribiko, Eibarko, Zumarragako, Amezketako eta Zarauzko udalak eta Zubillaga hiltegia. Beste bi sarien inguruan ez dute ezer aurreratu. Emakumeak Landa Eremuan sariaren bidez, landa eremuan egindako lanagatik, emakume edo emakume elkarti bati egingo diote errekonozimendua, baina egunean bertan jakinaraziko dute zeini. Urteetako Ibilbidea Sariaren bidez, bestalde, Gipuzkoan landa eremua sustatzen duten erakundeek zein pertsonek egindako urteetako ibilbidea sarituko dute. Berastegiko udaletxean banatuko dituzte Landaola Sarien seigarren edizioko sariak, martxoaren 3an, 12:00etan.

 
 • Lizagasar proiektua
Lizagasar proiektua 2019an sortu zuten Asier Lizarraldek eta Ane Muninek, sagarra eta sagardoaren eremutik lehen sektorea biziberritzeko asmoz. Lizagasar Sagartokixa sagarrarekin era ekologikoan esperimentatzeko gunea da, eta hemen bertako 15 sagar barietate dituzte landatuta 3,5 hektareako sagastian. Sagastia bera esperimentu ezberdinak egiteko erabiltzen dute: barietate ezberdinek naturalki polinizazioan duten eragina aztertzeko edo biodibertsitatea sustatzeko, ekintza ezberdinak egiteko herriko eragileekin batera...Sagarretik, berriz, hainbat proiektu ekoizten dituzte: sagardoa, sagar zukua, sagar ozpina, sagar dultzea, sagar marmelada, sagar purea, sagardo destilatua eta sagar zukuz ekoiztutako madalena eta bizkotxoak.

2023 02 24 landaola lizasagar hautagaia landaola sariak