Mendaroko Udalaren jokaera salatu dute EHBildutik, jaietarako iragarri dituzten ekitaldien harira

Barren.eus 2023ko mar. 9a, 18:38

Mendaroko Udalak jaietarako programatutako lau ekitaldik genero arrakala handitzeko besterik ez dutela balio salatu dute Mendaroko EHBildutik eta jaietako aurrekontuaren %60tik gora lau ekitaldi horietan gastatzea egotzi diote, jai batzordea baztertuta.

Santanetan joko duten hiru taldeen argazkia egin du publiko Mendaroko Udalak eta hari erreparatuta eta Udalak iragarri ez duen pilota partida bati aipamena eginez salatu dute "Berdintasun Plan arranditsuak onartu eta lau haizetara zabaldu arren", praktikan, parekidetasunak "hutsaren hurrengo" garrantzia duela Udalarentzat. Hiru kontzertu eta bi pilota partidetan 22 gizon eta emakume bakarra arituko direla aurreratu dute eta azpimarratu dute Berdintasun-plana ezin dela izan data konkretu batzuetarako egitarauak betetzeko, hori "postureo politikoa" delako.

Bildutik jakinarazi dute Udalak 14.000 euro ordainduko dituela bi pilota partidarengatik eta 8.500 euro Gozategi taldea ekartzeko. Oharrean aipatu dute santanetarako iragarri duten beste bi taldeak kontratatzeak zer aurrekontu duen ez dietela zehaztu, baina estimazio bat egin dutela Gozategiren kostua aintzat hartuta eta hiru kontzertuek eta bi pilota partidek 40.000 euroko kostua gainditzen dutela. Iaz, 70.000 euro bueltako aurrekontua izan zuten jaiek eta hori aintzat hartuta aipatu dute jaietan gastatuko diren zazpi eurotik lau baino gehiago ekitaldi horietara bideratuko direla. Era berean, salatu dute bere kasa egin dituela kontratazioak Udal Gobernuak, jai batzordea "baztertuta": "Lehenbizi diru gehiena norbere propagandarako erabiltzeko gastatu, eta gero, jendeari parte-hartzeko eskatu, txikikeriak erabaki, eta norbere burua zuritzeko".

 

2023 03 08 Santana Jaiak 2023 taldeak mendaro udala