Langabezia-tasak gora egin du Elgoibarren zein Mendaron otsailean

Barren.eus 2023ko mar. 13a, 09:33

Eskualdeko herri guztietan egin zuen gora langabezia-tasak otsailean, Soraluzen eta Mutrikun izan ezik.

Otsaileko datuen arabera, 2.648 langabe daude enplegu bulegoetan erregistratuta Debabarreneko sei herritan (Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze), hau da, urtarril bukaeran baino 38 langabe gehiago. Eskualdeko langabezia-tasa %10,10ekoa da. Debak jarraitzen du langabezia-tasarik baxuena izaten (%6,40) eta Soraluze da tasa altuena duena (%12,49). Hain zuzen, Eibar eta Soraluze izan ezik, gainontzeko herri guztietan langabezia-tasa %10etik beherakoa da. Elgoibarren aurreko hilean baino sei langabe gehiago zenbatu dituzte eta beste horrenbeste Mendaron.

Hona hemen 2023ko OTSAILEKO datuak, herriz herri:

  • Eibar 1.488 (%11,72)
  • Elgoibar 481 (%8,87)
  • Mendaro 82 (%8,07)
  • Deba 167 (%6,40)
  • Mutriku 197 (%7,59)
  • Soraluze 233 (%12,49)
  • Debabarrena 2.648 (%10,10)

Hona hemen 2023ko URTARRILEKO datuak, herriz herri:

  • Eibar 1.449 (%11,41)
  • Elgoibar 475 (%8,76)
  • Mendaro 76 (%7,48)
  • Deba 166 (%6,36)
  • Mutriku 203 (%7,82)
  • Soraluze 241 (%12,92)
  • Debabarrena 2.610 (%9,96)

 

Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak zabaldutako datuen arabera, urtarrilean baino 609 langabe gutxiago (% 0,54) zenbatu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; eta otsaila 112.296 langaberekin itxi zen. Azken bost urteetako otsailik onena izan dela nabarmendu du Jaurlaritzak. Urte arteko datuari dagokionez, duela urtebete baino 3.519 langabe gutxiago daude. Lurraldeka, langabezia gehiago jaitsi da Araban (% 0,9), 19.669 langabe gutxiago. Gipuzkoan, % 0,8 jaitsi da, eta 29.637 lagun daude langabezian Gipuzkoan. Bizkaian, ere behera egin du (% 0,26), eta langabetuak 62.990 dira. Nagusiki, industrian gutxitu da gehien langabeen kopurua (-235). Eraikuntzan ere apaldu da (-99), eta nekazaritzan (-15). Sektore horietan azken hilabeteetako joerari eutsi diote, oro har, etengabea izan baita enpleguaren sorrera.
Afiliazioari erreparatuta, enplegua sortu da joan den otsailean Hego Euskal Herrian. Urtarrilaren amaieran baino 5.052 afiliatu gehiago daude Gizarte Segurantzan erregistratuta. Gogoratu behar da 2022ko azkenengo bi hilabeteak eta bereziki urtarrila txarrak izan zirela enpleguaren sorrerari dagokionez. Otsailean lan merkatuak arnasa hartu badu ere, ez da nahikoa izan deuseztatutako enplegua berreskuratzeko. Izan ere, 12.237 afiliatu galdu ziren urtarrilean. Edonola ere, Mende hasieratik afiliatu gehien dauden otsaila da. Guztira 1.286.857 dira.

∞Lotura duuten albisteak: