Jose Alberto Eguren elgoibartarrak irabazi du Gipuzkoako Ezti Lehiaketa

Barren.eus 2023ko mar. 21a, 13:38

Erlezain eguna ospatu zuten domekan, martxoaren 19an, Zegaman, eta Gipuzkoako XXIII. ezti lehiaketa ere egin zuten erlezain eta eztizale ugari batu zituen egunaren barruan.

Jokin Arrospide, Jon Etxeberria, Mikel Zubeldia eta Rafa Gorrotxategik osatu zuten Gipuzkoako Ezti Lehiaketako epaimahaia eta lehiaketara aurkeztutako eztiak probatu eta epaitu ostean, Jose Alberto Eguren erlezain elgoibartarrak aurkeztutako eztiari eman zioten lehen saria. Jon Etxeberria epaimahaikideak adierazi du "maila oso oneko eztiak" zirela denak eta onena aukeratzea ez zela erraza izan. Eztiak epaitzerakoan lau gauza hartzen dituzte aintzat: aurkezpena, eztiaren egoera, usaina eta zaporea. Jose Alberto Egurenek irabazterik ez zuela espero aitortu du saria jaso ostean Goierri Irrati Telebistakoek (GITB) eginiko elkarrizketan. Deba bailarako ezti lehiaketan bigarren postua lortu eta gero sailkatu zen Gipuzkoakoa jokatzeko. "Sailkatzea lortu eta gero errutinaz etorri naiz, erlezain ibiltzen garenontzako egun handia delako hau, eta ez naban uste irabaziko nuenik, sorpresaz hartu dut", esan du. Lehiaketara Millalore eztia aurkeztu zuen, Sallobente-Ermuaran bailaran batua. Zehaztu duenez, Aldundiak ingurune babestutzat duen eremuan sortu dute eztia erleek, "kutsadura gutxiko ingurune natural batean". Eztia ere era naturalean eskuratzen dutela azaldu du, "inongo tratamendurik gabe". Millarore eztia bakarrik egiten duela ere azaldu du Egurenek, erleek inguruan dauden lora guztietatik batutakoarekin. Azkenik, erlezaintza balorean jarri du, naturaentzat eta nekazaritzarentzako ekimen oso garrantzitsua dela-eta.

Jabier Devesa oiartzuarrarentzat izan zen bigarren saria eta Erlantz Olabarria bergararrarentzat hirugarrena. Zegamako pilotalekuan ipini zuten Erlezain eguneko azokara gerturatu ziren lagunek eztiak dastatzeko aukera izan zuten, eta gokokoenari botoa emateko aukera ere bazuten. Erlantz Olabarriaren eztiak jaso zuen Publikoaren Saria.
Erlezaleek eztia, propolia, polena, argizaria aingeru lorrekion eginiko kremak eta beste hainbat produktu ipini zituzten salgai azokan.

2023 03 19 gipuzkoa ezti lehiaketa zegama epaimahaia gitbeus

2023 03 19 gipuzkoa ezti lehiaketa zegama probatzen gitbeus

Argazkiak: GITB