Udalak eta Puntueus fundazioak laguntzak emango dituzte '.eus' domeinua eskuratzeko

Barren.eus 2023ko mar. 23a, 13:17

Puntueus fundazioak eta Elgoibarko Udalak hitzarmena sinatu dute herriko elkarte, establezimendu eta enpresen digitalizazioa sustatzeko eta ingurune digitalean euskararen presentzia areagotzeko. Gaur egun, 663 domeinu daude erregistratuta Elgoibarren, eta horietatik 117 dira .eus domeinua dutenak: %18. Horien artean daude besteak beste, Elgoibarko Izarra elkartea eta Barren astekaria.

Hitzarmen horren baitan, Elgoibarko Udalak laguntzak emango ditu .eus domeinua erabili ahal izateko. Hala, herriko 100 enpresa, establezimendu edo entitatek dohainik erregistratu ahal izango dute .eus domeinua lehen urtean. Horretaz gain, Puntueus fundazioak, urtebeterako, doako zerbitzaria izateko aukera eskainiko die domeinuaren parte izan nahi dutenei beraien proiektu digitala garatzeko.

Gaur egun, 663 domeinu daude erregistratuta Elgoibarren, eta horietatik 117 dira .eus domeinua dutenak: %18. Gainerakoek .es, .com, .org edo bestelako domeinuak erabiltzen dituzte. Hizkuntzaren erabilera aztertuz gero, Elgoibarko webguneen % 36etan ageri da euskara.

Josu Waliño Puntueus fundazioaren zuzendariaren hitzetan, euskarak ingurune digitalean behar duen presentzia izan dezan, "tokikotik eragitea ezinbestekoa" da, saltoki, entitate eta enpresa txikien digitalizazioa euskaratik sustatuz .eus domeinuaren bidez. Izan ere, euskararen eta euskal kultura komunitatearen lehen mailako domeinua den .eus domeinua kudeatzen duen Puntueus fundazioaren helburu nagusia gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea da.

Era berean, ekimen hau Elgoibarko Udalaren helburuen ildotik doala nabarmendu dute udal ordezkariek, udalak "euskararen erabilera areagotu" nahi baitu eta herritarrei, naturaltasunez, euskaraz bizitzeko aukera eskaini, bizitzako esparru guztietan. Hori dela eta, hitzarmen honek eskaintzen duen aukera hori baliatu nahi dute Udalak eta Puntueus fundazioak herriko arlo kulturalean, sozioekonomikoan eta hezkuntzan eragile direnek ingurune digitalean ere euskara erabil dezaten.

Sinatu berri duten hitzarmenaren helburua izango da herriko ingurune digitalean euskararen erabilera indartzea. Horretarako, egoeraren azterketa egingo dute lehenik, eta horren ostean euskararen erabilera handitzeko ekintzak onduko dituzte.
Elgoibarko Udaleko eta Puntueus fundazioko ordezkariek eman dituzte hitzarmenaren inguruko xehetasunak: Ane Beitia, alkatea, Maialen Gurrutxaga, Euskara zinegotzia, Josu Waliño, Puntueus fundazioaren zuzendaria, Euskara eta Sustapen Ekonomikoko udal teknikariak eta gure herrian .eus domeinua erabiltzen duten hainbat entitatetako ordezkariak: Agurtzane Etxaniz, Debemen, Debabarreneko Landa Garapenerako elkarteko zuzendaria, Yolanda Garcia, IMHko euskara arduraduna, Imanol Larrañaga, Elgoibarko Izarra elkarteko teknikaria eta Ainhoa Andonegi, BARRENeko zuzendaria.

2023 03 22 puntueus fundazioa elgoibar udala hitzarmena sinaketa

 

 ∞Lotura duten albisteak: