ELA sindikatutik jakitera eman dutenez, atzo 20:00ak arteko epea zuten langileek BPXport enpresak eginiko proposamenari erantzuteko. Botoa eman ostean batzarra egin zuten beharginek zer egin erabakitzeko eta aurkeztu zieten proposamenari ezetza eman ostean greba mugagabea hastea erabaki dute, apirilaren 22tik aurrera, hain justu ere.
• Igerilekua itxita eta Igeriketa Eguna, bertan behera
Langileen erabakiaren berri izan ostean, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak jakinarazi du grebak eragina izango duela zenbait zerbitzutan. Sorosle zerbitzurik egongo ez denez, Olaizaga kiroldegiko igerilekua itxita egongo da, apirilaren 22tik aurrera, sorosleen grebak irauten duen denboran. Era berean, beran behera gelditu dira ur jardueren ikastaro guztiak: igeriketa ikastaroak, igeriketa eskola, masterrak, hasiera, hobekuntza, jaio berriak, e.a. Grebak irauten duen bitartean bertan behera geldituko direla esan dute. Ematen ez dituzten ikastaroak ez dituztela kobratuko zehaztu dute.
Era berean, zapatuan egitekoak ziren Igeriketa Eguna ere bertan behera lagatzea erabaki du Elgoibar Igeriketa Taldeak.
Olaizagako eta Mintxetako bestelako instalazioak irekita egongo dira, hau da, Kirol taldeek Olaizagako kantxa eta Mintxetako futbol zelaia erabiltzeko aukera izango dute eta Udal Kirol Patronatuko abonatuek eta bestelako erabiltzaileek Olaizagako eta Mintxetako instalazioak (rokodromoa, muskulazio gelak, aldagelak, saunak, squasha, tenis, padel eta atletismo pistak, futbol zelaiak, kantxa, e.a.), erabiltzeko aukera izango dute.
• Kirol ikastaroak
Astelehenetik aurrera, apirilak 24, bertan behera geldituko dira ikastaroak. Apirileko azkenengo astean emango ez diren ikastaroen prezioaren portzentaiaren itzulketa egingo du kirol patronatuak. Grebak dirauen bitartean afekzioa jasaten duten zerbitzuen kuotak ez dituzte kobratuko.
Udal kirol Patronatutik jakitera eman dutenez, kirol-zerbitzuen BPXport-eko langile eta enpresaren arteko akordioa lortzeko bitartekari lanak egiten jarraituko dute, betiere, herritarrei ahalik eta zerbitzu egokiena eskaintzea bermatze aldera.
• Herriko Antzokiko langilen greba deialdia, bertan behera
ELA sindikatutik jakitera eman dutenez, Elgoibarko Herriko Antzokian lan egiten duten beharginak ere grebara joan ala ez erabakitzen ari ziren, baina 2024 eta 2025 urteetarako "lantokiko hitzarmena" adostu eta gero, greba deialdia bertan behera lagatzea erabaki dute.
∞Lotura duten albisteak:
- Igeriketa Eguna bertan behera, kiroldegiko beharginen greba deialdia dela-eta (2023-04-20)
- Lan baldintzak hobetzea eskatu dute Elgoibarko kirol langileek (2023-03-07)