Ekai Lersundik mutila zela aitortu zien etxekoei eta ingurukoei 15 urte bete zituenean, 2017an, eta haien babesa jaso zuen. 16 urte zituela, Gurutzetako Ospitalean hormona bidezko tratamendua hasi zain zegoela, luze eginda, bere burua hil zuen. LGTBI+ kolektiboaren aktibista eta erreferentea da Ekai Lersundi geroztik eta haren borrokara batu dira gurasoak, Elaxar Lersundi eta Ana Martinez.
• Bada denbora hiru urte Arantxa Ibarrak 'Mi pequeño gran samurai' aurkeztu zuela. Nola hartu zenuten dokumentala egiteko proposamena? Eta
zenbateraino izan zaizue lagungarri?
Gauza handia izan da guretzat. Ekai suizidatu eta hiru egunera etorri zitzaigun guri Arantxa zerbait egin nahi zuela esanez eta 'konforme' esan genion. Handik bost-sei hilabetera etorri zitzaigun berriro, gidoiarekin, eta asko gustatu zitzaigun, bai Ekaik eta baita geuk ere transexualen sufrimendua eta suizidioaren gaia ikustarazi nahi genituelako. Diru bilketa bat egin genuen proiektua gauzatu ahal izateko, eta herritarrek itzelean erantzun zuten. Bi egunetan grabatu genuen, Ondarroako Itsas Aurre pasealekuan Ekairen omenezko oroitarria inauguratu genuen zapatuan eta biharamunean. Guk ez genuen bestela ere Ekai sekula ahaztuko, baina dokumentala erreminta ona izan da beste jende batek ere Ekai beti gogoan izan dezan. Ekaik idatzita laga zuen berarentzat berandu zela baina espero zuela berak hasitako bidea baliogarri izatea atzetik zetozen beste batzuentzat. Eta guk berdin. Gure semea suizidatzen zen azkena izatea nahi genuela esan genuen, eta zoritxarrez hori ezingo da izan, besteak beste gizartearen parte bat transfoboa delako oraindik, baina semeak hasitako borrokan dena emateko gaude.
• Herriz herri zabiltzate dokumentalarekin, baita eskolaz eskola ere, semearen adinkide izango zirenak sentsibilizatzen. Zer da ikusten duzuna?
Deitzen didaten leku guztietara joaten naiz. Markinara, adibidez, hiru bat urtez joan naiz 15 bat urtekoengana eta niretzat oso garrantzitsua da hori, gaztetatik hasi behar delako gai hauek lantzen eta ikustarazten. Ikusten dudana da aurrera egin dugula, baina oraindik lan handia dagoela egiteko. Besarkada asko ere jasotzen ditugu eta horrek betetzen gaitu.
• Hormona bidezko tratamendua hasi zain zegoen zuen semea suizidatu zenean. Luze egin zitzaion zain egotea eta hala utzi zuen idatzita.
Luze ba! Hormona bidezko tratamendua hasteko zain zegoen. Bartzelonan hasteko aukera bazeukan Trànsit unitatean, analitikak eta gainerako gauzak bidalita, baina Ekaik hemen hasi nahi zuen tratamendua; hemen arindu nahi zuen bidea bere egoera berean zeuden beste batzuentzat ere, eta Gurutzetako Ospitalean eskatu genuen tratamendua. Hein handi batean, horregatik jarri genion dokumentalari ere 'Mi pequeño gran samurai' izenburua, samurai bat ez delako parean dituenak garaitzeko borrokatzen, atzean dauzkanekiko maitasunagatik baizik. Hori izan zen arrazoi bat, eta bestea J-pop eta manga kultura itzel gustatzen zitzaiola. Ekai suizidatu zen sasoian ere, legeak aukera ematen zuen hemen tratamendu mota hori 16 urtetik aurrera egiteko, baina baimena atzeratu egin zen behin eta berriro. Burokraziak ez dauka bihotzik. Eta nerabezaroko gorputz aldaketen sasoi horretan hilabete denbora asko da zain egoteko. Emakumezko sexu-ezaugarriak garatzen hasi zen Ekai, eta ezin izan zuen gehiago. 2018ko otsailaren 15ean suizidatu zen. 16 urte zituen.
• Bere egoeran beste askok ez dutena izan zuen zuen semeak: senideen eta ingurukoen babesa. Oroitzen duzu mutila zela esan zizun eguna?
Bai. 15 urterekin esan zigun mutila zela eta hasieran golpea izan zen, beldurtzen gintuelako semeak sufritu behar izateak. Ekairi sekula ez zitzaion soinekorik janzterik gustatu eta ezta neskekin lotzen ditugun beste kontu batzuk egitea ere, eta guretzat hori zen, neska "maskulinoa", baina ez, Ekai mutila zen. Eta guk ikusten genuen transexuala izanda gizarte honetan sufritzea tokatuko zitzaiola. Baina onartu, onartu, genuen; zelan ez ba! Garbi esan genion guri ez zitzaigula ardura mutila edo neska bazen, gurea zelako eta berdin-berdin maiteko genuelako. Guri esan ondoren, eskolako whatsapp taldean jarri zuen mutila zela eta Ekai deitzea nahi zuela. Eta handik gutxira negarrez ikusi genuen. Pentsatu genuen komentarioren batek min egingo ziola, baina ez, kontrakoa zen: hunkituta eta pozik zegoen jasotako babes mezuekin; ez zuen erantzun hori espero. Nik beti esan dut gure semea sentiberegia eta onegia zela mundu honetarako. Baina ausarta ere bazen, eta borrokalaria, eta bere borrokaren transzendentziaz kontziente izanda, aktibista handia bihurtu zen. Eskolan formakuntza saioak ere bultzatu zituen. Aitortuko dizut berarekin haserretzen ginenean lehengo izena irtetzen zitzaigula sarri amari eta niri, baina halakoetan berak esaten zigun: 'Egon trankil, 15 urtez bestera deituta, normala da'. Pertsona bakarrak ez zion gehiago lehengo izenez deitu, Iradik [arreba]. Ekaik bazekien bereizten nor nahasten zen eta nork egiten zuen nahita, min egiteko.
• Badaude oraindik transexualitatea kapritxo kontu bat dela uste dutenak eta badaude uste dutenak adin goiztiarrean haurrak zaila duela zer den
jakitzea. Zer esango zenieke?
Hau kapritxoa dela esaten duenak ez du ezagutu pertsona trans bat. Zer esango niekeen? Ergelak ez izateko. Inork ez du bizitza konplikatuko dion ezer izaterik nahi, eta gaur eta gizarte honetan, transexuala izatea putada bat da. Inork ez du aukeratzen kapritxoz biderik zailena bizitzeko. Hemen bakoitza da badena eta norberak daki ondoen zer den; eta hori, beti.
• Karteldegira iritsi da '20.000 especies de abejas' filma. Horrek ere Ekai hil ostean idatzi zenuen testu hartan dauka oinarria. Ikusi al duzu?
Ekairen gorputza hil-autora jaitsi eta hiru bat ordura idatzi nituen nik haiek berbak, barrubarrutik, eta testu huraxe irakurri zuen, kontizu, Esti Urresolak. Filma ikusi ez baduzu esango dizut, ikusteko. Ni neu ez naiz 90 minututik gorako ezer ikusteko gai, eta film hau motza eta dena egin zait. Esan ere egin nion Estiri, zinemetako jirak amaitzen dituenean, eskola guztietan eman beharko luketela. Sofia Otero filmeko protagonista ikusi duenak garbi ikusiko du ume horrek heldu askok baino zentzun handiagoa daukala.