'20.000 especies de abejas'filmaren emanaldiarekin hasiko da LGTBI-fobiaren aurkako egunaren harira antolatu duten ekitaldi sorta

Barren.eus 2023ko api. 28a, 11:13

Maiatzaren 17an ospatzen den LGBTI fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan ekintza sorta antolatu dute Elgoibarren. Ume transexual baten istorioa kontatzen duen '20.000 especies de abejas' filmaren emanaldia izango da aurrenekoa.

Osasunerako Mundu Erakundeak 1990eko maiatzaren 17an kendu zuen homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik, eta horregatik, maiatzaren 17a izendatu zuten LGBTI+ fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Kolektibo horrek pairatzen duen diskriminazioa salatzeko eta haien eskubideen alde borrokatzeko eguna da, eta Elgoibarko Udalak eta Lila Emakumeen Etxeak ere bat egingo dute ekimenarekin. Elgoibarren ere ekintza bereziak antolatu dituzte Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Hasteko, Estibaliz Urresola Solaguren zinegile laudioarrak zuzendutako '20.000 especies de abejas'filma emango dute Herriko Antzokian, gaurtik astelehenera bitartean. Berlinaleko Sail Ofizialean lehiatu den lehen euskarazko filma izateaz gainera, Interpretazio Protagonista Onenaren Zuilarrezko Hartza saria ere irabazi zuen Sofia Otero 8 urteko aktore basauriarrak, eta Urresolaren lehen lan luze honek Publikoaren Saria eta Erakusleen Saria ere irabazi zituen Berlinalen. (filmari buruzko kritika zinematografiko bat)

Jarraian filmaren sinopsia: Cocok, zortzi urteko umeak, ikusiko du ez dituela besteen aurreikuspenak betetzen, zergatik ez dakiela. Inguruko guztiek Aitor izenez deitzen diote, baina bera ez dago eroso izen horrekin. Amama erlezainaren etxera joango da oporraldi batean, amak eta neba-arrebek lagunduta, eta uda horrek goitik behera aldatuko ditu guztion bizitzak: hiru belaunalditako emakumeek bere zalantza eta beldurrei aurre egin beharko diete.

Elgoibarrerako antolatu duten egitaraua:

Apirilak 28 - maiatzak 1
Pelikula: "20.000 ESPECIES DE ABEJAS"
Ohiko ordutegia
Herriko Antzokia

Maiatzak 9
Dokumentala eta tertulia: "MI PEQUEÑO GRAN SAMURAI". Naizen
18:00
Lila
Dokumental honek Ekai Lersundi trans gaztearen istorioa deskribatzen du. Bere buruaz beste eginda hil zen 2018an, hormona ordezteko terapiaren inguruan burokraziarekin borrokan ari zela. Proiekzioaren ondoren, Ekai Lersundiren gurasoek euren historia publikoarekin partekatuko dute Lilan, Elgoibarko Emakumeen Etxean.

Maiatzak 17 "LGTBIfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna"
ELKARRETARATZEA
19:00
Kalegoen plaza

Maiatzak 18
Kafe tertulia: "TRANS ERREALITATEAK: MITOAK ETA USTE OKERRAK HAUSTEN". Hiruki Larroxa
18:00
Aita Agirre kulturgunea
Saioaren helburua LGBTI+fobiaren markoa azaltzea eta Trans pertsonen inguruan dauden mitoak eta uste okerrak apurtzea izango da.

2023 04 28 kartela LGTBI fobia egitaraua elgoibar