BIDEOA: 'Goi Erdi Aroko mende ilunak argitzen' zikloa

Barren.eus 2023ko mai. 12a, 15:32

Elgoibarko Izarraren barruan sortu den Ilunberri Achademiak hitzaldi ziklo bat antolatu du Udalaren laguntzaz, 'Goi Erdi Aroko mende ilunak argitzen' izenburupean. Jokin Lanz Beteluk eman zuen aurreneko hitzaldia, Iñaki Lopez de Luzuriagak bigarrena, eta Xabier Irujok hirugarrena.

 Erromaren krisialdi eta hondamendiaren ondorioz anabasa eta bortxa giroa nagusitu ziren goi erdi aroan, mendebaldeko inperioaren lurraldeetan. Hainbat herrik, gehienak jatorri germaniarrekoak, nahi izan zuten hark utzi zuen botere hutsunea bete, eta Euskal Herria ez zen salbuespen izan. Mende ilun haiek argitzeko asmoz, hiru hitzaldi antolatu ditu Ilunberri Achademiak, 'Goi erdi aroa: Mende ilunak argitzen' izenburupean. Hitzaldiok grabatu egin zituzten antolatzaileek eta hemen batu ditugu hirurak.

 • Xabier Irujo: 'Orreaga 778'
Xabier Irujo Ametzaga historialariak eman zuen duen 'Orreaga 778' hitzaldiarekin amaitu zen zikloa joan den maiatzaren 3an. Nevadako Unibertsitateko (AEB) Renoko Euskal Ikerguneko zuzendaria da Irujo, genozidio ikerketetan katedraduna, eta gai honen inguruko hiru liburu ditu argitara emanda. Errozabalgo guda gertaera historikoa eta elezaharra aztertu zituen Irujok Elgoibarren, baina bi munduak -errealitatearena eta fikzioarena- eta bi errealitateak -literarioa eta historikoa- bereizita.

 • Iñaki Lopez de Luzuriaga: 'Akitania-Baskonia eta Franko karolingioen erresumak aurrez aurre'
Historia gaietako ikertzailea eta dibulgatzailea da Iñaki Lopez de Luzuriaga, bai eta wikilaria ere 2008az geroztik. Euskal Filologian tituluduna da eta humanitate digitaletako graduondoduna. Nabarralde Fundazioko kidea ere bada, Nafarroako memoria kolektiboa berreskuratzeko eta ezagutarazteko helburu duen elkartekoa, bai eta UEUko kide ere, eta Euskaldunak eta karolingiar iraultza: Akitania eta Baskonian barrena liburua argitaratua du, besteak beste. Akitania-Baskonia eta franko karolingioen erresuma aurrez aurre izenburuko hitzaldia eman zuen atzo Elgoibarren, Goi Erdi Aroari buruzko zikloaren baitan.
Hitzaldian, Baskoniako Dukerriaren sorrerari, franko merovingio eta karolingioen eraginari, eta Akitania-Baskoniako Dukerri burujabe bikoitzaren goraldi eta gainbeherari erreparatu zien Lopez de Luzuriagak, eta azaldu zuen nola gerra higatzailearen dialektikak Garona ibaiaren atarira ekarri zituen indar karolingioak Eliza lagun hartuta. Lopez de Luzuriagak arreta bereziz aztertu zituen gerra luze hartako (711-768) gertakizunak.

 • Jokin Lanz Betelu: 'Baskonia erromatar aldiaren azkenetan eta ondoko mendeetan'
Aintzinateko Historian doktorea eta Historia eta Ondarea Graduko irakaslea da Jokin Lanz Betelu arbazuarra Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Baskoiak eta bere bizilagunak (K.a. II. - K.o. VIII. mendeak) liburua argitaratua du, doktorego tesiaren laburpena dena. Joan zen apirilaren 19an, Baskonia erromatar aldiaren azkenetan eta ondoko mendeetan izenburuko hitzaldia eman zuen, Elgoibarren, Goi Erdi Aroari buruzko zikloaren barruan. Lanzek azaldu zuen K.o. IV. mendean, hamarkadetako isiltasun baten ondoren, idatzizko iturrietan baskoien inguruko aipamenak agertzen hasi zirela, eta lehenengo aldiz aipatu zela Baskonia terminoa bera ere. Mendebaldeko Erromatar Inperioaren hondarreko urteetan, ipar ekialdetik etorritako herri barbaroen migrazioen eta erromatar inperioaren gainbeheraren lekuko izan ziren Baskoniako biztanleak, eta migrazioek eta administrazio inperialaren kolapsoak ekarritako ezegonkortasuna eta segurtasun eza pairatu zituzten. Ordea, VI. mendetik aurrera eginda, Pirinioen bi aldeetara franko eta bisigodoen erresumak finkatu zirenean, dinamismo politiko eta militar handia erakusten hasi ziren baskoiak, eta aurre egin zieten beren bizilagun boteretsuei, Mendebaldean punta-puntakoak diren arma eta ezagutza diplomatikoa Baskoniako errealitate berrira egokituta.

 2023 05 03 xabier irujo hitzaldia ilunberri achademia barandi srrano

2023 05 03 xabier irujo hitzaldia ilunberri achademia 2

∞Lotura duten albisteak: