Elgoibarko Izarraren barruan sortu den Ilunberri Achademiak hitzaldi ziklo bat antolatu du Udalaren laguntzaz, 'Goi Erdi Aroko mende ilunak argitzen' izenburupean. Jokin Lanz Beteluk eman zuen aurreneko hitzaldia, Iñaki Lopez de Luzuriagak (Gasteiz, 1973) bigarrena, eta biharkoa izango da hirugarrena eta azkena. 'Orreaga 778' izenburupean, Xabier Irujo historialariak Orreagako gudua izango du hizpide. Historialaria da Irujo, eta Nevadako (EE.BB) Unibertsitateko Renoko Euskal Ikerguneko zuzendaria izateaz gain, Genozidio ikerketetan katedraduna ere bada.
Errozabalgo gudua gertaera historikoa da, oso ikertua izan arren, zientifikoki aztertu ez dena. XIII. mendetik aurrera eratu zen narrazio historikoa. Gurutzaden Europaren testuinguruan, xede politikoz tindaturiko literaturak, gertakari historikoa eraldatu zuen, gertakariari erantzuten ez dion elezaharra sortuz. Hitzaldi honetan gertakari historikoa eta elezahar ederra aztertuko ditu Irujok, bi munduak, errealitatearena eta fikzioarena, eta bi errealitateak, literarioa eta historikoa, bereiziz. Errozabalgo gudua enperadore baten handinahiaren ondorioz sortu zen hondamendia da. Tazitoren hitzetan, kolore guztietako enperadoreek “usurpazioari, hilketari eta desjabetzeari inperio deitzen diote, eta ondoriozko suntsipenari, bakea”.
- ELKARRIZKETA: Joan zen aleko zenbakien elkarrizketa egin genion Xabier Irujori. 1283. alean aurkituko duzue elkarrizketa osoa.
Xabier Irujok Elgoibarren emango duen berbaldia 19:00etan izango da, Aita Agirre kulturguneko areto nagusian.