Programa horren helburu nagusia da teknologia digitalen berrikuntza -eta inplementazio- prozesuak azkartzea industria-sektorean, bereziki fabrikazio aurreratuaren esparruan.
Horretarako, inguruko industria-enpresetan interesa duten hamar proiektu hautatuko dituzte. Proiektu horietan, IMH Campuseko ikasleek hartuko dute parte, Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzako Ingeniaritza Gradu Dualeko ikasleek, hain justu ere. Gainera, pogramaren onuradun den ikasle bakoitzak sei hilabeteko beka bat jasoko du. Beka horrek bere prestakuntza-prozesu duala garatzen lagunduko dio, "eta gero enpresan sartuko da".
Era berean, berrikuntza-proiektu horiek garatzen laguntzeko, IMH Campusek bere instalazioetan eskuragarri dauden baliabideak erabiltzeko aukera eskainiko die egitasmoan parte hartuko duten enpresei. Sustatzaileek jakinarazi dutenez, Asmaola punta-puntako teknologiaz eta makineriaz hornitutako lantegi digitala eta fabrikazio aditiboko gunea da. Berrikuntza-proiektuak hautatzeko prozesua maiatzean, ekainean eta uztailean egingo dute.
Hitzarmena sinatzeko saioan, IMH Campuseko zuzendari kudeatzaile Ixaka Egurbidek adierazi zuen akordioa beste urrats bat dela fabrikazio aurreratuko sektoreko enpresa txiki eta ertainei berrikuntza-prozesuetan laguntzera bideratutako IMH Campuse estrategian, "eta gazteen talentuaren eta prestakuntza dualaren aldeko apustu argia, belaunaldi-erreleboaren erronkari heltzeko funtsezko elementu gisa”.
Bestalde, Rural Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendari Javier Martínezek azaldu zuen ingurunean eragin sozial positiboa sortzeko asmoa dutela. "Programa hau berrikuntzarekin, gure gazteen prestakuntzarekin eta enpresen lehiakortasunarekin dugun konpromisoaren adibide garbia da, lurraldearentzat etorkizun oparoagoa lortzen lagunduz", esan zuen.