Europako artezteko makina eta doitasun handiko tornu fabrikatzaile nagusietako bat da Danobat S.Coop., eta jakitera eman dutenez, kooperatibaren egoera ezagutu eta erabakiak hartzeko batu ziren.
Aztertu beharreko puntuen artean, Danobat-en egindako lanen inbertsioaren aurrerapenaren berri eman zuten batzarrean. Zehatz, 12 milioi euro inbertitu ditu bere lantegi bat handitzeko eta fabrikatzaileak Elgoibarko Arriaga industrialdean duen egoitza nagusiko gainerako ia espazio guztiak egokitzeko eta modernizatzeko.
Partida ekonomiko horren bidez, martxan dituzten proiektuek behar dituzten eskakizun tekniko berriei erantzuteko prestatzen ari direla jakinarazi du fabrikatzaileak. Zehazki, instalazio guztiak egokitzen ahaleginduko dira, bere soluzioek eskatzen dituzten baldintzak eduki ditzaten, eta "beharrezko kalitatea eta doitasuna bermatuko duten muntaketa espazio berriak edukitzeko". Espazio berri horiek tenperatura kontrolak izango dituzte makinan doazen pieza erabakigarrien portaera monitorizatzeko, baita lurzoru egonkortuak ere, makinen bibrazioak saihesteko, bezeroek eskatutako doitasuna bermatzeko, besteak beste. Esku hartze horien barruan, fabrikatzaileak Arriaga industrialdean zentralizatuko du bere logistikako biltegia, barne efizientzia handiagoa izan dadin, eta joan-etorriak saihesteko eta denborak aurrezteko. Gaur egun industrialdetik kanpo baitute logistika biltegi hori.
Egin dituzten inbertsioak, baina, ez dira Arriagako egoitzara mugatu. Elkarrekin Eragin egitasmoaren bidez kanpo erronkei ematen dieten babesaz ere berba egin zuten batzarrean batutakoek. Ongizate, osasuna, kirola, kultura, euskara eta hainbat esparruri eskainitako diru-laguntzek emandako fruituak gertutik ezagutzeko aukera izan zuten.
Danobat-en "kontu kontsolidatuak" aurkeztu zituzten. Errusia eta Ukrainako gerrak eta hornidura katearen krisiak markatutako urtea izan zen arren, "helburuak bete" dituztela esan zieten batzarrean batutakoei.
Proiektu aipagarrien artean, Danobat-ek, Airbus-ekin batera dituen proiektuak aipatu zituzten. Proiektu horiek, digitalizazioa, prozesuen monitorizazioa, robotika, automatizazioa, mekanizazioa eta ikuskapenean oinarritutakoak direla zehaztu dute. Nabarmendu dute, elkarlan honekin, beste aurrera pauso bat eman duela Danobatek, bere dibertsifikazio estrategikoan. Amaitzeko, Batzarraren ondoren, talde osoa bazkari baten inguruan biltzeko ohitura berreskuratu zuten, eta bertan, testuinguru informalago batean, egunero elkarrekin lan egiten duten kideen konpainiaz gozatzeko aukera izan zutela azaldu dute kooperatibatik.