Jokin Muñoz: “Atletismoa niretzat aisialdirako eta bizitzeko modu bat da; baita nire familiarentzat ere"

Barren.eus 2023ko mai. 27a, 17:27

Jokin Muñoz korrikalari mendaroarrak Gasteizko kaleetan jokatu zen Martin Fiz maratoia irabazi zuen maiatzaren 14an. Bi ordu, 24 minutu eta 50 segundoan egin zuen 42 kilometro eta 195 metroko ibilbidea. Maratoi bat irabazten duen estreinako aldia izateaz gainera, maratoian zuen marka pertsonala ondu zuen Muñozek.

Hezur edema lesio bat gainditu eta Azkoitia-Azpeitia lasterketa eta Gijongo maratoi erdia proba modura erabili ondoren, fisikoki forma onean zegoela ikusteak psikologikoki asko lagundu zion eta horrela erakutsi zuen Gasteizen podiumeko koskarik altuenera igota. Martin Fiz maratoia irabazi izana lehenengo gurasoekin ospatu zuen, eta orain bizileku duen Soraluzera iritsita, familia eta lagunak zain zituen pankartekin, sorpresa emateko. Eta eskertu zuen.

 • Martin Fiz maratoia irabazi berri duzu. Zer izan da zuretzat garaipen hau?
Maratoiak egitera bueltatzea. Lesio baten ostean, urte eta sei hilabete pasatu ditut maratoirik egin gabe eta nahi nuen etxetik gertu egiteko maratoi bat prestatzea, estuasunik gabe. Lau hilabete lehenago hasi nintzen prestatzen eta poliki-poliki ikusi nuen kilometroak ondo asimilatzeko gai nintzela. Maratoi hau baino bi aste lehenago Gijonen egin nuen maratoi erdian ikusi nuen oso ondo nengoela, baina maratoi bat egiteak luze jotzen du eta ez da jakiten gorputzak nola eutsiko dion. Nire nahia zen Gasteizko maratoia egitea inongo agobiorik gabe, eta nire burua aurrean ikusi nuenean, irabazteko aukerarekin eta motibazio horrekin aurrera eginda, marka pertsonala lortu nuen.

 • Ibilbidea zure erritmora eta estuasunik gabe egitea pentsatu zenuen. Nolakoa izan zen lasterketa?
Lasterketa honetan maratoiaz gain, maratoi erdia eta hamar kilometroko lasterketa ere egiten dira eta denok batera atera ginen. Nik taldetxoa egin nuen sei korrikalarirekin eta aurretik beste lau-bost genituen, baina ez nekien aurrekoak zein distantziatan lehiatzen ziren. Zortzigarren kilometroan hamar kilometroko lasterketa egiten ari zirenak desbideratu egin ziren, eta bakarrik gelditu nintzen. Aurretik zihoazenak bistan nituen, baina nahiko urruti. Antolatzaileak “maratoiko lehena dator” esan zutenean konturatu nintzen ni nintzela. 15. kilometrora arte bakarrik joan nintzen, baina gero, amaieran bigarren izan zenak, ni harrapatu, pasatu eta erritmo azkarragoan jarraitu zuen. Maratoi erdia ni baino 30 segundu lehenago pasatu zuen berak, baina horren ostean polikipoliki harrapatzen joan nintzen eta motibatzen hasi nintzen. 32. kilometroan pasatu, pixkanaka atzean laga eta 40. kilometroan konturatu nintzen gauzak oso gaizki joan ezean irabaziko nuela. Hala izan zen.

 • Maratoiko marka pertsonala egin zenuen. Aurrez non egin zenuen zure denborarik onena?
2021ean, Valentzian. Valentziakoa bezalako lasterketetara marka bila joaten da jendea eta lasterketa hartan 30. kilometrora arte 10 korrikalari joan ginen taldean eta oso ezberdina da taldearen babesean joatea. Niretzat Gasteizkoa berezia izan da, lesioaren ondoren urte zaila izan delako eta ez nekielako zein neurrira arte merezi zuen gorputza behartzea, baina ondo nindoala ikustea eta irabaztea berezia izan da benetan.

2023 05 26 jokin munoz irabazlea maratoia martin fiz poza

2023 05 26 jokin munoz irabazlea maratoia martin fiz besarkada

 • Zuretzat zer izan da gogorragoa lesioaren beraren mina ala korrikarik egin ezinak emandakoa?
Femurraren buruan hezur-edema bat izan nuen, baita fisura bat ere, eta hori zaila da sendatzeko eta pazientzia eta denbora ezinbestekoak dira. Zortez Gogortuz fisioterapia zentruko Oier Oregiren eskuetan egon naiz eta dena oso ondo joan da. Mina denak eman dit. Korrika egitea nire aisialdirako tarte bat hartzea da, baina umeen atzetik korrikarik ezin nuela egin edo futbolean ezin nuela beraiekin jolastu ikuste hutsa hori oso gogorra izan da, batez ere psikologikoki. Poliki-poliki hasi arren, molestiak sumatzen nituen, eta pazientzia ezinbestekoa izan da; baita nire bikotekidearen laguntza ere. Berak badaki korrika egitea niretzat zer den, eta indarra berak eta familiak eman didate

 • Duatloian, triatloian eta mendi lasterketetan ibilitakoa zara, baina azkenaldian asfalto gaineko lasterketetan ari zara. Zer dela eta erabaki duzu
honetan zentratzea?
Batik bat familiarengatik (lana, bi ume…). Zailagoa da denbora ateratzea eta nire gogoa ere gehiago da familiarekin egotea. Beti ibili naiz korrika eta asfaltoan oso ondo nabilela ikusita hortan zentratzea pentsatu dut. Dena dela, nire prestakuntzak beti bideratu ditut maratoira. Zazpi maratoi egin ditut jadanik eta inguruko karrerak egitea gustatzen zait, baina maratoiak prestatzeko. Denboralditik kanpora bizikletan ibiltzen naiz eta mendian oinez.

 • Gaur egun zure bizitzan zein leku du atletismoak?
Kirola beti gustatu izan zait, baina semealabak izandakoan asfaltora pasatzea erabaki nuen eta atletismoa niretzat aisialdirako eta bizitzeko modu bat da; niretzat eta nire familiarentzat. Niri ezezik familiari ere gustatu egin behar zaizkio edo onartu egin behar ditu entrenatzeko ordutegiak eta hartzen ditudan tarteak. Oso ondo moldatzen gara. Aitzakia moduan erabiltzen ditugu lasterketak egun pasa edo asteburu pasa joateko eta ia karrera guztietara beraiekin joaten naiz. Gasteizera ere goizean goiz nirekin etorri ziren eta hori niretzat oso babes garrantzitsua da. Indarra ematen dit beraiek ni animatzeak.Entrenamendu sasoian ere familia beti dago laguntzeko prest, baina ondo antolatzen saiatzen naiz ahalik eta traba gutxien eragiteko. Ostegunetan 04:30ean jaiki izan naiz lanera joan aurretik 40-50 minutuko korrikaldia egiteko; asteburuetan ere goizeko lehen orduetan entrenatzen dut gero familiarekin egoteko, eta aste barruan azken orduetan.

 • Probarik ba al duzu epe motzerako aurreikusita?
Denboraldia hilabete inguru luzatuko dut, uztailean jai hartu eta abuztuan Donostiako maratoia prestatzen hasteko asmoa daukat. Gainontzean ez dut egutegia begiratu ere egin, baina seguraski hemen inguruko lasterketaren bat egingo dut gozatzeko eta denboraldia luzatzeko, inolako presiorik gabe. Aurrerago beharbada egingo dut urrunagoko maratoiren bat, baina marka on bat egiteko Bartzelona, Sevilla edo Valentziara joateak ardura handia eskatzen du eta ni ez naiz atletismotik bizi. Baina oraingoz nahiago dut gertuan korrika egitea eta familiaren babesarekin eta bertako giroarekin gozatzea.

2023 05 26 jokin munoz irabazlea maratoia martin fiz aupa aitatxo

2023 05 26 jokin munoz irabazlea maratoia martin fiz familia

2023 05 26 jokin munoz irabazlea maratoia martin fiz semeegaz