Martin Fiz maratoia irabazi du Jokin Muñozek

Barren.eus 2023ko mai. 14a, 19:05

Jokin Muñoz korrikalari mendaroarrak irabazi du gaur goizean Gasteizko kaleetan jokatu duten Martin Fiz maratoia.

Ia 2.800 antxitxikari lehiatu dira gaur Martin Fiz Maratoiaren 20. ekitaldian, 42, 21 eta 10 kilometroko lasterketetan. Jokin Muñoz mendaroarrak maratoia korritu du eta bera izan da ia 400 parte hartzaileetatik azkarrena. Bi ordu, 24 minutu eta 50 segundoan osatu du 42 kilometro eta 195 metroko ibilbidea. Maratoi bat irabazten duen estreinako aldia izateaz gainera, maratoian zuen marka pertsonala ondu du Muñozek. Gainera, hezur edema lesio bat gainditu eta gero eskuratu du garaipena, azken urtean lehiatu den lehen lasterketan. 

10. kilometro ingururako lasterketa buruan bakarrik gelditu den arren, jarraitzaileak bere parera ailegatu dira eta elkarrekin joan dira 30. kilometro ingururaino. Hortik aurrera, baina, mendaroarraren aurkariak banan banan atzean gelditzen joan dira, eta Jesus Gonzalez izan da bere erritmoari eusteko gai izan den bakarra. Muñozek 27 segundoko aldea atera dio helmugan bigarren egin duen Gonzalezi, eta 11 minuttik gorakoa izan da aldea hirugarren egin duen Guillermo Vahl atletarekiko. Emakumezkoetan Rebeca Suarez kataluniarra izan da azkarrena. Maratoilariek ekaitz eta euri jasak izan dituzte proba jokatu den bitartean.

Soraluzen bizi da Jokin Muñoz, eta etxera itzuli denean zain zituen senideak eta lagunak, ongi-etorri beroa egiteko (ikus plaentxia.eus-en). Muñozek eurei eskaini die garaipena, “egunero" berarekin dauden familiakoei eta lagunei.

2023 05 14 jokin munoz harreta soraluzen plaentxiaeus

2023 05 14 jokinmunoz martin fiz maratoia podiuma arg irati inurrieta