Elgoibarko Izarrak ondu du proiektua, Mendaroko Udalaren babesarekin. Batetik, 'Herri bat, mila oroitzapen' argazki-erakusketa osatu dute. 23 argazki jarri dituzte jubilatuen ondoko lokalean ikusgai, baina horiez gain, bideo bat ere osatu dute beste dozenaka argazkirekin, han bertan ikus daitekeena. Barikuan zabaldu zuten eta inaugurazio-ekitaldian izan ziren Bazterretxearen neba-arrebetako bi, Itziar eta Rafael, eta haren gertuko lagunak. Antolatzaileek jakinarazi dute konta ezin beste lagun pasatu dela egunotan erakusketatik eta herritarren eskaera aintzat hartuta, erakusketa luzatzea ere aztertzen ari direla. Momentuan, baina, ekainaren 8ra arte egongo da ikusgai. Goizez, 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara.
• Ikus-entzunezkoa, bihar
Bestetik, 'Anjel Bazterretxea, herrigintzan akuilu eta hauspo' ikus-entzunezkoa ere prestatu dute, Bazterretxea ondo ezagutu zuten hemezortzi lagunen testigantzekin. Bihar dute ematekoa, ekainaren 7an, San Agustin kulturgunean, 18:30ean hasita. Ekitaldian Bazterretxearen senide eta lagunek ere parte hartuko dute. Antolatzaileek jakinarazi dute sarrera guztiak agortu direla.
∞Lotura duten albisteak:
- “Komunitatea sendotzeko pausoak ematea litzateke Anjel Bazterretxeari egin diezaiokegun omenaldirik onena” (2023-06-02)