Josu Artolak irabazi du Elgoibarko Enduroa bigarren urtez jarraian

Barren.eus 2023ko eka. 7a, 13:53

Idotorbetik Urruzunora aldatu zuten iaz Elgoibarko Enduroa, eta bigarren urtez egin dute aurten Urruzuno bailarako mendietan.

Erlojuaren aurkako proba egiteko zirkuitua Albitzuri industriagunean eduki zuten moto gidariek, bost minutuan osatu beharrekoa, eta gero 32 kilometro inguruko mendi ibilbidean lehiatu ziren, Urruzuno bailara eta Azkarate gaina arteko mendiko ibilbideetan barrena. Aurten ere Euskadiko txapelketarako puntuagarria izan da Elgoibarko Enduroa. Euskadiko motoziklismo federazioak antolatzaileen lana txalotu du. "Potok (Aitor Osoro) eta bere laguntzaileek, Urnobitza moto klubekoek, beti antolatzen dituzte goi mailako lasterketak eta azkenengo hau ere halakoxea izan da, akatsik gabea eta aparta", adierazi dute.

Emaitzei erreparatuta, Josu Artola gailendu zen, bigarren urtez jarraian (iaz ere bera izan zen irabazlea). Moto gidari amezketarra etxean moduan aritu zen Urruzunoko bideetan eta bera izan zen azkarrena 90 partaideen artean, 17:34.946ko denborarekin. Urko Garmendia sailkatu zen bigarren postuan (17:40.327) eta Iker Alemanek egin zuen hirugarren (18:01.419). Hiru gidari horiek, eta Peru Irazola, izan ziren 32 kilometroko ibilbidea sei orduren azpitik osatzea lortu zuten bakarrak. Hiru itzuli eman zizkioten ibilbide horri.
Junior txapelketan Mikel Armas izan zen onena eta Josu Segurolak irabazi zuen junior trofeoa. Beteranoetan Armando Ugarte izan zen azkarrena. Elgoibartarren artean, Eneko Sanz Bartrak eskuratu zuen posturik onena. Urnobitzakoek bi emakumek parte harttu izana ere nabarmendu dute, Sandra Gomez madrildarra eta Nora Esteban, 22 urteko gidari gernikarra. Elgoibarren kategoria desberdinetan lehiatu ziren, senior emakumezkoetan Gomez eta juniorretan Esteban. 

2023 06 04 enduro elgoibar arg FVM podium 2

2023 06 04 enduro elgoibar arg FVM podium 1

2023 06 04 enduro elgoibar arg FVM podium emakumeak

2023 06 04 enduro elgoibar arg FVM podium b1

2023 06 04 enduro elgoibar arg FVM mendian

2023 06 04 enduro elgoibar arg FVM