Idotorbetik Urruzunora aldatu zuten iaz Elgoibarko Enduroa, eta bigarren urtez egingo dute aurten Urruzuno bailaran. Ohikoa den moduan, bi zati izango ditu Elgoibarko Enduroak. Batetik, bost minutuko erlojuaren aurkako proba zirkuitu batean eta, bestetik, 32 kilometro inguruko ibilbidea mendian. Urruzuno bailara eta Azkarate gaina arteko mendiko ibilbideetan barrena lehiatuko dira moto gidariak. Ordu eta erdiko muga izango dute itzuli bat osatzeko eta hiru buelta eman beharko dizkiote. Antolatzaileek aurreratu dutenez, euren onena eman beharko dute gidariek ibilbidean prestatu dizkieten oztopoak gainditzeko, eta emozioz beteriko giroa egongo dela agindu diete zaleei.
• Josep Garcia Elgoibarren
Domekako Enduroan parte hartuko ez badu ere, Josep Garcia izan da Urnobitzakoek prestatu duten zirkuitua probatu dutenetako bat. Bi alditan Enduroko munduko txapelduna izan den moto gidari kataluniarra duela egun batzuk izan zen Elgoibarren. Munduko txapelketako probak jokatu behar zituen Finlandian eta Suedian, eta hemengo mendietan hango baldintza antzerakoak aurkituko zituelako etorri zen hona, entrenamendu saioak egitera. Urnobitzatik azaldu dutenez, aurrez ere etorri izan da, ezagutzen ditu paraje hauek eta lehortearen eraginez Katalunian oso bestelako baldintzak daude une honetan. Horregatik erabaki zuen Elgoibarrera etortzea, eskandinabiarantz joan aurretik. (Ikus Urnobitzakoek sarera igo duten bideo ikusgarrian). Jokaldia ez zitzaion batere gaizki irten Garciari, Finlandiako proba irabazi baitzuen asteburuan.
• Hiru elgoibartar
Elgoibarko Endurora itzuliz, parte hartzaileen artean Urnobitza taldeko hiru kide daude: Igor Iriondo, Eneko Sanz eta Ander Aranzabal. Gainerakoan, Euskal Herriko Enduroko gidari onentsuenak ikusteko aukera izango da Elgoibarren eta emakumezkoetan Espainiako gidari onenetarikoa den Sandra Gomezek ere hartuko duela parte aurreratu dute antolatzaileek. Urnobitzak antolatu du Elgoibarko Enduro txapelketa, Gipuzkoako eta Euskadiko motoziklismo federazioaren laguntzarekin eta Motos Ion eta Elgoibar Motorren babesarekin, besteak beste.
• Guneak markatuta
Lehen pilotua 9:45ean irtengo da, eta sari banaketa ekitaldia 15:00etan egingo dute. Proba ikustera doazenek Albitzuri industriagunean aparkatu ahal izango dute autoa eta hortik oinez joanda bost minutura egongo da moto gidariak gertutik ikusi ahal izateko zirkuitua, Urruzunoko Elkartea dagoen inguruan. Ikusteko egokienak diren lau guneak seinaleztatuta egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek. Gune bakoitzerako sarreran kartel bat egongo da jarraitu beharreko bidearen berri emanz eta bidea zinten bidez egongo da seinalaztatua.