Lariz eta Iraolagoitia nagusi Ortuellako BTT proban

Barren.eus 2023ko eka. 8a, 09:03

Ortuellako 'Las Balsas' izeneko zirkuituan jokatu zuten domekan Green Series mendi bizikleta zirkuituko seigarren proba, eta Lezaman jokatu zuten aurreko lasterketan moduan, euren kategoriako azkarrenak izan ziren Iñigo Lariz eta Azibar Iraolagoitia.

Iñigo Larizek (Gobike) ordu bat, bi minutu eta 25 segundu behar izan zituen 17,2 kilometroko ibilbidea osatzeko, bigarren egin zuen Jonathan Larrañagak baino hiru segundu gutxiago. Igor Garcia sailkatu zen hirugarren Master 40 mailan, Larizengandik 21 segundora. Lariz bigarren postuan dago Master 40 kategoriako sailkapen nagusian, 925 punturekin. Jonathan Larrañagak 1030 ditu.

Master 50 eta 60 kategorian Azibar Iraolagoitia izan zen onena Ortuellan. Mendaro Txirrindulari Elkarteko kideak 30 segundoko aldea atera zion Niko Llanori eta 2 minutu eta 44 segundokoa hirugarren egin zuen Roberto Garciari. Iraolagoitiak, gainera, sailkapen nagusiko lidergoan jarraitzen du eta liderraren elastikoa jantziko du ekainaren 18an Barakaldon jokatuko duten hurrengo lasterketan ere.