Lariz eta Iraolagoitia nagusi Lezamako BTT lasterketan

Barren.eus 2023ko mai. 17a, 12:36

Lezaman jokatu zuten asteburuan mendi bizikletako Green Series txapelketako bosgarren jardunaldia, eta emaitza bikainak eskuratu zituzten Iñigo Lariz Azkuek erta Azibar Iraolagoitia Gallastegik.

Iñigo Lariz (Gobike) Master 40 kategorian lehiatu zen, eta bera izan zen azkarrena 31 parte hartzaileen artean. Zirkuituari eman beharreko hiru itzuliak 51 minutu eta 16 segundoan osatu zituen. Larizengandik 39 segundora sailkatu zen Jonathan Larrañaga eta 1:41era David Muñoz. Aurreko jardunaldian, Berrizen jokatutako lasterketan, txapeldunorde izan zen Lariz eta bost jardunaldiren ostean, sailkapen nagusiko bigarren dago, 745 punturekin. 860 puntu ditu liderrak, Jonathan Larrañagak.

Larizek moduan, Azibar Iraolagoitia (MTE) mendaroarrak ere erakustaldia eman zuen Lezamako zirkuituan eta garaipena lortu zuen Master 50 mailan, 58:06 denborarekin. Bigarren sailkatuari (Ramon Ruiz) 56 segundoko aldea aterata. Sailkapen nagusian lehen postuan jarraitzen du mendaroarrak, 840 punturekin. Eduardo Del Collado dago bigarren, 820 punturekin.
Gobike taldeko Iker Beristainek ere hartu zuen parte Lezamako lasterketan, 23 urtez azpikoen kategorian, baina arazo mekanikoak medio, bertan behera laga behar izan zuen proba.

∞Lotura duten albisteak:

2023 05 17 btt lezama podium lariz iraolagoitia

2023 05 13 lariz btt lezama arg carlos soguero b1

Argazkiak: Carlos Soguero