Berrikuntzekin dator bueltan Ekigain jaia

Barren.eus 2023ko eka. 8a, 13:22

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak 2016an antolatu zuen estreinakoz Ekigain jaia, udari ongi-etorria egiteko, baina hiru urtetan egin ostean, 2018tik hona ez dute ospatu.

2019koa eguraldiagatik laga zuten egin gabe eta pandemiagatik hurrengoak. Aurten berriro antolatuko dute, eta ekainaren 21ean ospatuko dute laugarrengoa izango den Ekigain jaia, aurrekoak moduan Sallobente-Ermuaranen. Elgoibarko Izarrak herriko sortzaileekin elkarlanean prestatu duen egitaraua aurkeztu du.

18:30ean elkartuko dira Maalako parkean, handik Sallobentera oinez joateko. Oinez joateko aukerarik ez dutenentzako, 20:00etan izango da hitzordua Sallobente-Ermuaranen. Aurtengoan bada berrikuntza nagusi bat, Ekigain kanta eta dantza sortu baitituzte jairako propio. 21:00etan aurkeztuko dituzte, baina dantzaren urratsak ikasteko saioa ere egingo dute aurrez, Sallobenten bertan, 19:30ean. Suaren gaineko saltoak 22:30ean hasiko dira eta 23:00etan jarri dute etxerako bidea oinez hasteko ordua.

 • Txokolatea eta ogitartekoak
Nahi duenak bere janaria eramateko aukera izango duen arren, 19:45ean egingo duten afari-meriendaren ostean txokolatea banatuko dute antolatzaileek. Horrez gainera, Sallobente elkartekoek ogitartekoak salduko dituzte. Hori bai, bokadilloa nahi duenak aurrez eskatu beharko du, bi modutan. Batetik, ekainaren 15ean Aita Agirre Kulturguneko arkupe inguruan egongo dira eskaerak hartzen, 17:00etatik 19:00era bitartean; eta, bestetik, online ere egongo da eskaerak egiteko aukera, hemen: https://labur.eus/ekigainogitartekoak

2023 06 08 Ekigain jaia elgoibar izarra egitaraua

 

∞ Lotura duten albisteak: