20:30ak aldera hasi zen jendea etxetik eramandako ogitartekoei papera kentzen. Besteak beste, garagardoa eta sagardoa erosteko aukera jarri zuen Elgoibarko Izarrak, eta afari-giroa benetan ederra izan zen.
Baina sua da Ekigain jaiko osagai garrantzitsuenetakoa, eta 21:30ak aldera hasi zen elkarteko bazkide bat sua pizten. Umeak ikusmiran zirela, berehala hartu zuten sua Sallobenteko zelaiaren erdi-erdian jarritako egurrek. Orduan piztu zen Ekigain jaiko majia. Eta iaz egin zuten moduan, sua pizteaz bat txalaparta-hotsa entzun zen, eta txapalarta-hotsarekin batera hasi zen jendea dantzan, korroan, sua erdian hartuta. Dantzaren ondoren, berriz, kantuak etorri ziren; Garaziren ahots goxoa eta Xabiren kitarra lagun zirela, dozena erdi kantu inguru kantatu zituzten, giro berezia sortuz.
Ekigain jaiaren amaieran izan ziren suaren gaineko saltoak. Sugarrek behera egin zutenean hasi zen jendea saltoka, ordura arteko gaitzak erre eta barruak garbitzeko. Eta hala jardun zuten suak eta jendeak haien onena eman zuten arte.
Elgoibarko Izarratik esan digutenez, gustura geratu dira Ekigain jaiaren bigarren edizioak eman duenarekin, eta eskerrak eman nahi dizkie jai honetan era batera edo bestera parte hartu duten guztiei.
•Ekigain jaiko argazki-bilduma: