Ander Condek eta Aratz Luisak irabazi dute Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekia

Barren.eus 2023ko eka. 13a, 11:36

Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekiko finalak jokatu zituzten Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, emakumeen txapelketako zein gizonen hiru kategorietako finalak hain justu ere, eta Bigarren Mailakoan palista elgoibartar batek jantzi zuen txapela.

Ander Conde elgoibartarrak eta Aratz Luisa anoetarrak osatutako bikoteak bi tantogatik irabazi zuen Bigarren Mailako finala. Berho eta Merindano nafarrak izan zituzten aurkari finalean eta nafarrak 21-10 aurreratu ziren arren, ez zuten 25. tantoraino ailegatzen asmatu, eta markagailua irauli ostean 23-25 gailendu ziren Conde eta Luisa.

Girizia elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Pala txapelketaren XXXIX. ekitaldia izan da aurtengoa, eta guztira 82 bikotek hartu dute parte maila desberdinetan. Lehen Mailako finalean, Loidi eta Dagerre gailendu ziren, Antxordoki eta Martikorenari 25-17ko emaitzarekin irabazita. Emakumezkoetan Karrerak eta Muruak osatutako bikoteak irabazi zuen txapelketa, finalean 25 eta 22 irabazita Mendizabali eta Aizpururiri. Gizonezkoen Hirugarren Mailan Arregi eta Etxebeste dira bikote txapelduna, Markos eta Bereziartua oiartzuar bikoteari 25 eta 15 irabazi ondoren.

Oiarrzungo Udaleko ordezkarien eta Ander Imaz eta Unax Landa pilotariien eskutik jaso zituzten garaikurrak irabazleek (goiko argazkian)

Lagunak taldeko pilotari Kepa Arrizabalaga eta Gorka Lizarralde elgoibartarrek ere irabazi zuten txapelketa hau, 2018an, eta iaz Lehen Mailako finalera ere ailegatu ziren.