11:00etan puntuan iritsi dira politikariak Udalera, Udal Txistulari Bandak lagunduta. Udalbatza osatzeko adineko mahaia osatu dute, zinegotzi nagusienak eta gazteenak. Kasu honetan Jorge Hernando eta Aitor Iriondo izan dira. Politikari guztiek legedia beteko dutela zin egin ostean egin dute alkatea aukeratzeko bozketa. EH Bilduko Aitziber Aranberri eta EAJko Maialen Gurrutxaga ziren hautagaiak, PSE-EEko Ariana Nogalesek bere hautagaitza erretiratu egin duelako. 17 boto zenbatu dituzte: 8 jaso ditu Maialen Gurrutxagak, 7 Aitziber Aranberrik eta bi boto zuri egon dira. Honenbestez, Maialen Gurrutxaga izango da demokraziako bederatzigarren alkatea Elgoibarren.
Maialen Gurrutxagak eskerrak eman dizkie maiatzaren 28an bozkatzera joan ziren herritar guztiei, eta baita EAJ bozkatu zutenei ere. Herritarrei, alderdiei eta bere senideei eman dizkie eskerrak, bera gaur alkate izendatzea ahalbidetu dutelako. Hunkituta, urduri eta pozik agertu da alkate berria, lanerako gogotsu, herritarrak erdigunean jarriz, elgoibartarrekiko konpromisoa izango dela bere gida-orria adierazi du. Entzuteko eta eztabaidatzeko prest dagoela esan die oposizioko alderdiei, eztabaida eraikitzailean sinisten duela, eta bere bulegoko ateak zabalik egongo direla gaineratu du, proposamenak zein kritikak entzuteko, bere ustez hori delako ikasteko eta aurrera egiteko modurik eraginkorrena.
∞Lotura duten albisteak:
- Enetz Ezenarrok hartu du Mendaron alkate kargua (2023-06-17)
- 2023ko udal hauteskundeak: Elgoibarko eta Mendaroko emaitzak eta alderdien balorazioak (2023-05-29)