Enetz Ezenarrok hartu du Mendaron alkate kargua

Barren.eus 2023ko eka. 17a, 12:23

Alkateak hautatzeko eguna izan da gaurkoa Hego Euskal Herrian eta Mendaron ere izendatu dute hurrengo lau urtetarako alkate izango dutena: Enetz Ezenarro Arriola (EH Bildu).

12:00etan puntuan hasi du Nerea Etxarri idazkariak alkate berria izendatzeko osoko bilkura. Iñaki Arregi Uriak, Amaia Urra Mardarasek eta Nerea Etxarri idazkariak berak osatu dute mahaia, adin handieneko zinegotziak, gazteenak eta idazkariak osatu behar dutela agintzen duelako legeak. Ondoren, korporazioa osatu dute, zinegotzi bakoitzak karguari zin egin ostean, eta gero etorri da alkatea hautatzeko bozketa. Ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren arabera, zerrenda bakoitzeko lehen zinegotziak izendatu ohi dira alkate izateko hautagaiak, baina EAJk uko egin dio Iñaki Arregiren hautagaitza aurkezteari, eta Enetz Ezenarro aukeratu dute alkate  (bost boto alde, eta lau zuri).Bozketaren emaitzak irakurri ondoren, Nerea Isasi EAJko zinegotziak, EAJren zerrendako bigarrenak, hartu du hitza, hautagaitza ez aurkeztearen arrazoiak emateko. "Ez dugu hautagaitzarik aurkeztu herriak hauteskundeetan agertu duen nahia errespetatuz, eta hemendik aurrera, oposiziotik elkarlanean jarduteko zin egiten dugu. Hori da gure nahia. Zorionak, Enetz", esan du Isasik. 

 
Iñaki Arregik gaur arte alkate izan denak eman dio aginte-makila alkate berriari, ohikoa den legez, baina aurrez Arregik eskerrak eman dizkie zinegotziei, udal langile eta teknikari guztiei, bai eta herritarrei ere. Lau urteko alkate esperientziaz esan du egindako guztia herriaren alde egin duela. Eta zehaztu du: "Badakit ez nituela gauza guztiak denen gustura egingo, baina ziur egon nire borondate guztia jarri dudala gauzak ahal izan ditudan ondoen egiteko". Makila ematearekin batera zorionak eman dizkio Enetz Ezenarrori eta zorte ona opa agintaldi berrirako, bai eta lankidetzarako prestutasuna agertu ere. 
 
Txaloka hartu dute udalbatza aretora batutakoek alkate berria eta esker onez hartu du hark babes-keinua. Iñaki Arregiri eskerrak emanez hasi du bere hitzartzea Ezenarrok, bai lankidetzarako agertu duen borondateagatik, bai eta EAJk hautagaitza ez aurkezteko emandako arrazoiengatik ere. Ezenarrok esan du ohore handia dela berarentzat Mendaroko alkate izatea eta ardura handiz hartzen duela alkate kargua. Eta bere taldeari babesa agertu dioten guztiei eta oro har herritar guztiei eskerrak emateaz gain, agindu du herritar guztien alkate izaten ahaleginduko dela. Era berean, esan du hauteskunde kanpainan zehar esandako balioetan oinarrituko duela EH Bilduren taldeak bere eguneroko jarduna, eta hiru balio edo ezaugarri azpimarratu ditu: gardentasuna, elkarlanerako borondatea bai udal talde ezberdinekiko, bai eta herriko norbanako, elkarte eta gainerako eragileekiko, eta parte-hartzea.
 
 

2023 06 17 Enetz Ezenarro alkate

 

∞Lotura duten albisteak: