Iaz, baina, Dorleta Lazarobasterrek eta Eider Agirrek In Leikeren elkarte izaera baliatzea erabaki zuten euskal dantza taldeari beste bultzada bat emateko. Eta helburu horrekin hasi zenak beste indar bat hartu du orain. Zortzi laguneko talde-eragilea osatu dute, Mendaron kulturaren praktika bizkortzeko, euskararen erabileran eragiteko eta herriko kultur ondarea balioesteko"
Misio bat: "Mendaro herrirako dinamika sozio-kulturala sortzea, euskaratik eta euskaraz. Euskararen erabileran eragiteko eta kulturaren praktika bizkortzeko lan egingo dugu, bai eta Mendaroko kultur ondarea balioesteko eta zaintzeko ere". Eta zehaztapen bat, balio gisa: "Hizkuntzak dira kulturen adierazle garrantzitsuenetakoak, eta mendaroar guztien hizkuntzekiko errespetutik jardungo gara, euskara kohesio hizkuntza izateko bokazioz". Hala diote In Leike aisialdi eta kultur elkarte berrituaren estatutuek. 1998an sortu zuen Mendaroko lagun talde batek In Leike, baina urte askoan ez du apenas aktibitaterik izan, EAEko Elkarteen Erregistroan indarrean egon bada ere. Aisialdi taldeak bakarrik jarraitu zuen izen horren pean lanean azkenean, baina hura ere desegin zen duela zortzi bat urte. Orain, baina, elkartu eta dinamika hari heltzea erabaki du berriro beste lagun talde batek. Estatutuetan jaso dute helburu horrekin bat datozen ekintzak eta ekimenak sortzen eta bultzatzen lan egingo dutela, herriko eragileekin aliantzak eta sinergiak ehunduz, bai eta, behar denean, kanpoko beste eragile batzuekin lankidetzan ere.
Eukene Gurrutxaga Juaristik (presidentea), Dorleta Lazarobaster Arakistainek (presidenteordea), Eider Agirre Olazabalek (idazkaria), Lurdes Rodriguez Barrerasek (diruzaina), Irati Mendikute Iriondok (bokala), Nagore Urkiza Pelayok (bokala), Ainhoa Urbieta Iriondok (bokala) eta Ainara Argoitia Aranok (bokala) osatzen dute talde-eragilea, baina nabarmendu dute atea zabalik dutela batu nahi duen guztiarentzat. Mendaron, euskarari eta kulturari astindu bat emateko gogoak elkartu ditu. Iazko santanen harira batu ziren estreinakoz, euskal dantza taldea "formalizatu" eta dantza taldeari beste bultzada bat emateko asmoz. Mendaro, herri dantzaria izan da tradizioz, baina euskal dantzak ez zituen betiko garai onenak bizi. Ez zegoen sasoi bateko dantzari talde handirik, ez zuen dantza taldeak garai bateko sonik, baina bazegoen euskal dantzei balioa emateko ilusio bat taldekideen artean eta bazegoen eta badago dantza-irakasle direnen konplizitate bat ere, bidea saiatzeko. Hala, jaialdi berezia prestatu zuten jaietarako, eta euskal dantzak garai batean Mendaron izan zuen indarra itzultzeko eta falta zuen aterkipe hori emateko, elkarteegitura hartzea erabaki zuten. Zer eta nola egin aztertzen hasi zirenean jabetu ziren, baina, In Leikek indarrean jarraitzen zuela elkarte erregistroan eta estatutu haietan erraz kabitzeko modua ikusten zutela. Hala, talde hura sortu zutenekin berba egin, eta egitura hori baliatzea erabaki zuten. Estatutuei orraztu bat eman, eta jendarteratu dute orain elkarte berritua.
• Akelarrearekin buru-belarri
In Leikeren izenean antolatu zuten iaz ere santanetako dantza emanaldia -eta antolatuko dute aurten ere-, eta In Leiketik zuzentzen dituzte dantza taldearen diru-kontuak orduz geroztik. Baina egiteko berriak ere zerrendatu dituzte. "Ilusioz gaude eta ideiarik ez dugu falta, baina pausoz pauso joan nahiko genuke, indarrak neurtuz, iraupen luzeko proba delako hau. Orain, San Joan bezperarako antolatu nahi dugun akelarrearekin ari gara burubelarri", zehaztu du Eukene Gurrutxagak: "Hiru bat urtean antolatu zuen Amagoia Zabalak akelarrea Mendaron, herriko hainbat eragilerekin lankidetzan -azkenekoz 2019an,-baina Amagoiak ludotekako eta gaztelekuko arduraduna izateari laga zionean, galdu zen urtetik urtera indarra hartzen hasia zen jai hura. Izugarri jai polita zela iruditzen zitzaigun, herri oso bat inplikatzen zuena eta komunitatea indartzeko balio zuena, eta horregatik iruditu zitzaigun bai ala bai heldu behar geniola hari".
Ekainaren 23an, San Joan bezpera egunean, egingo dute akelarrea, Herriko Enparantzan. Funtsean, 2019ko Akelarrearen esentzia mantenduko du. Ekainaren 23an 21:54ean sartuko da eguzkia, eta ordu horretan hasiko dute jaia gutxi-gorabehera, behin ilunduta. Herriko hainbat norbanako eta eragilek parte hartuko dute Akelarrean, besteak beste musikariek, irrintzilari batek, dantza modernoko ikasleek, eta euskal dantza taldeko gaztetxo eta nagusiek. 40tik gora lagunek parte hartuko dute akelarrean zuzenean, eta ekimen horren baitan piztuko dute San Joan sua ere, urteroko usadioan.
- ERREPORTAJEA osorik BARREN astekariko 1290. zenbakian -PDF-