Ehun lagun inguruk parte hartu zuten Mendaron San Joan suaren bueltako erritoan

Barren.eus 2019ko eka. 25a, 09:09

Jendetza handia batu zen Mendaron San Joan bezpera suaren bueltan ospatzeko. Gaztelekuak, Ludotekak eta Udalak elkarlanean antolatu zuten jaia, herriko hainbat elkarte eta eragilerekin lankidetzan, eta ekitaldian ehun bat lagunek parte hartu zuten. Urtetik urtera hazten doan ekitaldia da San Joan bezpera egunez egin ohi dena. Argazki bilduma

Iragarritako moduan, 22:OOetan abiatu zen Trinitatetik Akerren segizioa, zuziak eskuan hartuta. Ordurako Herriko Enparantza jendez betea zegoen. Akerrekin batera, sua piztuko zutenak zetozen, eta atzetik, Ameikutz Musika Eskolako abesbatzakoak, Trikiti eskolakoak, eta Ludotekako guraso eta gazte asanbladako hainbat lagunek osatutako batukada taldekoak iritsi ziren plazara. Adarra joaz sartu ziren plazara, eta Xeber Loiolak eta Andoni Ulaziak txalaparta hotsekin lagundu zieten. Ondoren, taldetan banatuta, dantza bana dantzatu zuten, sua piztu aurretik. Suak argitu zuen plaza gero. Ekitaldia kalejiran amaitu zuten parte hartzaile guztiek eta talde argazkia atera zuten azkena. Ekitaldi nagusia bukatu ostean, su txikiagoak piztu zituzten plazan haurrek, eta ohiturari segika, suaren gainetik jauzika aritu ziren ausartenak.

Igandean izan zen hori, baina ostiralean, berriz, udako solstizioa ospatzeko, Deabru Beltzak taldekoak ekarri zituen Udalak, danbor hots eta suziri argiz udako lehen gaua girotzera.

2019 06 23 San Joan sua Mendaron