San Joan jaiak ospatuko dituzte Altzolan asteburuan

Barren.eus 2023ko eka. 20a, 12:47

Altzola auzoan barikuan, San Joan Bezpera Egunean, hasiko dituzte San Joan jaietarako prestatu dituzten ospakizunak.

Kanpai jotzearekin hasiko dituzte jaiak, ekainaren 23an, 14:30ean. Musika ere ipiniko dute harrizko zubi inguruan, eta ilunabarrean San Joan sua piztuko dute Zelaia parkean. Altzolan urteetako tradizioa dute San Joan bezperan auzoan su handia piztekoa. Deba ibai erdiko lehorgune batean piztu ohi zuten sua, baina ingurumenarentzat kaltegarri zela iritzita, errekan sua egiteko debekua ezarri zien Udalak 2019an.

Zapatuan, San Joan Egunean, meza nagusia eta ondorengo prozesioa izango dituzte 11:00etan, eta 13:00etan mokadua egingo dute. 14:30erako, berriz, herri bazkaria dago iragarrita. Menua ere zehaztu dute: entsaladilla errusiarra, txahal gisatua eta postrean sagar tarta eta euskal pastela. Edaria ere sartuta dago menuan. Helduek hogei euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek hamar euro, eta izena eman behar da aurrez, 635 753 447 telefono zenbakira deituta. Bazkalostean, jolasak egingo dituzte eta 20:00etan dantzaldia hasiko dute. Eta eguna karaokearekin amaituko dute.

2023 06 20 altzola sanjoanak egitaraua kartela