Altzolan urteetako tradizioa dute San Joan bezperan auzoan su handia piztekoa. Oraintsu arte, Deba ibai erdiko lehorgune batean piztu ohi zuten sua, baina ingurumenarentzat kaltegarri zela iritzita, errekan sua egiteko debekua ezarri zien Udalak. Domekan, Altzolako parkean egingo dute sua Bi-Dubi auzo elkarteko gazteek.
• Akerren segizioa eta makina bat dantza Mendaron
Mendaron ere domekan piztuko dute sua. Indar handia hartu du azkeneko urteotan San Joan bezperako jaiak. Gaztelekuak, Udalekuak eta Mendaroko Udalak antolatzen dute jaia, elkarlanean eta herriko Euskal Dantza taldekoekin lankidetzan. 22:00etan hasiko da jaia, iluntzearekin batera. Trinitatetik jaitsiko da Akerren segizioa, danbor hotsek lagunduta. Segizio horretako kideek ekarriko dute sua eta eurek piztuko dute plazako su handia. Aurrez, baina, musika eta dantza emanaldiak izango dira. Adar-soinuekin hasiko dute ekitaldia, eta ondoren, euskal dantza taldekoek agurra dantzatuko dute. Ez da gaueko dantza bakarra izango. Gaztelekuko bi taldek eta ludotekako haurrek dantza saio bana egingo dute, baita euskal dantza taldekoek ere. Herriko perkusio talde batek ere parte hartuko dute jaian. Ludotekako erabiltzaileen gurasoek, gazte asanbladako kide batzuek eta herriko beste hainbat lagunek osatzen dute perkusio tailerreko taldea, eta astean zehar hainbat entsegu egin dituzte domekarako. Sua piztuko dute ondoren, eta Haritz Euskal Dantzari Taldeko Gaizka Uranga elgoibartarrak aurreskua dantzatuko du suaren aurrean. Sua itzaltzean, Ameikutz musika eskolako umeen abesbatzak kantatuko du, eta buruarinak, Aker berria (Hiru metrokoa) eta herriko erraldoiak dantzara irtengo dira plaza erdira.