Miriam Lizarralde: “Emakumeentzako ere lanpostu asko dago industrian eta lanerako jendea behar da”

Barren.eus 2023ko eka. 23a, 13:08

IMH Sariak banatu berri ditu IMHk Lanbide Heziketako ikasleei errekonozimendua egiteko, eta ikasle ohi aipagarrienaren saria Miriam Lizarralde Arrillaga (Elgoibar, 1986) elgoibartarrarentzat izan da aurten.

Ibilbide profesional "eredugarriagatik" eman diote saria, "langile nekaezina, konstantea, arduratsua eta enpresaren egituran oinarri sendoak landu dituen profesionala izateagatik". Horrez gain, emakumezkoa, ama eta elgoibartarra izatea ere nabarmendu zituzten ikastetxeko arduradunek.

 • Lanbide Heziketako ikasle ohi aipagarrienaren saria eman berri dizu IMHk. Zer suposatu du sari horrek zuretzat?
Sorpresa handia izan da. Ikusita gainera aurreko urteetan zeintzuei eman dieten sari hori, are eta harrigarriago egiten zitzaidan, baina egia da pozik hartu dudala. Industria munduan emakume gutxi dago, eta nire ibilbideaz gain, emakume izatea ere hartu dute kontuan. IMH Sarien barruan Lanbide Heziketako diplomak banatu dituzte, guztira 143, eta emakumezkoak 12 bakarrik izan dira, eta elgoibartarrik oso gutxi izan dira. Nire kasuan hiru balio horiek hartu dituzte kontuan: nire ibilbide profesionala, emakumea eta elgoibartarra izatea.

2023 06 23 Miriam Lizarralde elk barren imh sariagaz

 • Zer dela eta aukeratu zenuen Lanbide Heziketa?
Batxilergoan konturatu nintzen ez nuela nahi metodologia harekin jarraitu aurrerantzean; hau da, ez nuen nahi ikasi eta azterketak egiten jarraitzea. Batxilergo teknologikoa egin nuen Ikastolan, eta marrazketa gustatzen zitzaidan, beraz, diseinu alorretik jarraitu nahi nuen. Ikastolatik IMHra irteera bat antolatu zuten hango eskaintza ezagutzeko, eta han mundu berri bat deskubritu nuen. Goi Mailako bi urteko ziklo bat egitea erabaki nuen. Askotan Batxilergoa amaitutakoan ez dugu jakiten zer ikasi nahi dugun, eta moduloa egiteak aukera asko zabaltzen ditu. Gustatzen bazaizu, bide horretatik jarraitu dezakezu, eta bestela, beste zerbait egiteko aukera daukazu oraindik.

 • Zer aurkitu zenuen IMHn?
Diseinu alorreko modulua aukeratu nuen eta sekulako lasaitua hartu nuen IMHn. Gelan ikasitakoa tailerrean jartzen genuen praktikan, eta metodologia askoz praktikoagoa zen. Tornuak eta fresatzeko makinak probatzeko aukera ere izan genuen, eta berehala konturatu nintzen hori ez zitzaidala gustatzen. Elgoibarren enpresa asko daude tornu eta fresatzeko makinak egiten dituztenak, eta nik enpresen izenak ezagutzen nituen aita eta aitona garraiolariak izan direlako, baina enpresen barruan zer egiten zen ez nuen ezagutzen. IMHn ikasi nuen zer ziren tornuak eta fresatzeko makinak. Diseinua ere erreminta makinara bideratutakoa zen, eta han ikasi nuen akotazioak egiten, tolerantziak zer diren, mikrak...

 • Goi Mailako modulua egin ostean, ikasten jarraitzea erabaki zenuen.
Ziklo barruan hiru hilabeteko lan praktikak egin nituen Elgoibarko Cometel enpresan. Diseinatzaileei laguntzen ibili nintzen, tailerreko lana ere ezagutu nuen eta han ikusi nuen lehenengo aldiz enpresa baten benetako funtzionamendua. Konturatu nintzen zerbait gehiago ikasi nahi nuela eta ez nuela nahi ordura artekoarekin bakarrik gelditu. Ingeniaritza Duala egitea erabaki nuen. Ingeniaritza Dualak praktikak atzerrian egiteko aukera ematen zuen, eta niri beti gustatu izan zait bidaiatzea; beraz, horrek ere erakarri ninduen. Hiru urteko ikasketak egin nituen nik. Gaur egun lau urte dira, baina gure garaian, hiru ziren. Ikasketak egin bitartean bi enpresa ezagutzeko aukera izan nuen: Azpeitiko egur munduko enpresa batean hasi nintzen praktiketan, baina krisiaren ondorioz lana gutxitu zitzaien eta eskopeta munduko Eibarko Aya enpresara joan nintzen. Urtebeteko lan praktikak egin nituen han, eta gero kontratua egin zidaten. Bost bat urte egin nituen han, eta tarte horretan master bat ere ikasi nuen.

 • Ingeniaritza Dualak aldi berean ikasi eta lan egiteko aukera ematen du. Zein abantaila ditu horrek zure ustez?
Nire ustez ikasi eta lan egitea aldi berean metodologia ona da ikasteko. Gelan teorian ikasten dena, tailerrean modu praktikoan ikustea oso interesgarria da. Hemen inguruko enpresetan praktikak egiteko aukera ematen du, azken batean ikasketa horiek hemen inguruko enpresentzako langileak prestatzeko pentsatuta daudelako. Horrez gain, atzerrira joateko aukera ere badago; ni, esaterako, Txinara joan nintzen hiru hilabeterako. Shanghai eta Pekin artean dagoen hiriburu handi batean egon nintzen. Enpresan ni eta beste alemaniar batzuk ginen europar bakarrak, eta hasieran arraro begiratzen zidaten. Emakumezkoa, txuri-txuria, gaztea... baina gustura egon nintzen. Hiru hilabeteko praktikak izan ziren, eta egia da apur bat motz geratzen dela gauzak sakon ikasteko, baina gurearen guztiz desberdina den kultura ezagutzeko aukera eman zidan. Hemen kalera irtetekoak gara, eta han askoz gehiago egoten dira etxean, eta hasieran pixkat kostatu zitzaidan, baina gero hasi ginen planak egiten, eta ezkontza batera ere gonbidatu ninduten. Nire ikaskide batzuk ere Shanghain zeuden sasoi hartan, eta astebeteko oporraldia aprobetxatu genuen elkarrekin Pekinera joateko. Esperientzia oso polita izan zen.

 

2023 06 23 imh sariak saritu taldea