Askotariko lanak egiteko hiru lanpostu publiko betetzeko deialdia egin dute

Nerea Arrizabalaga 2023ko eka. 27a, 11:43

Elgoibarko Udalak, Lanbiderekin lankidetzan, hiru langile kontratatzeko deialdia argitaratu du.

Lanpostuen dedikazioa lanaldi osokoa eta 4 hilabetekoa izango da. Lanpostuok askotariko lanak egiteko dira, besteak beste, igeltserotza-lanak egiteko. Horregatik, eskatzaileek eraikuntza-obrako igeltsero-lanetan esperientzia dutela egiaztatu beharko dute, eta "ezagutza ona" dutela tresna eramangarriak eta mugikorrak zein beharrezko lan-tresnak erabiltzen, hala nola, disko-makina, mailu pneumatikoa, sorgailua, etab. Izan ere, kaleetako baldosak, galtzada-harriak, asfalto-zulo txikiak eta antzerakoak konpondu beharko dituztela jakinarazi dute udaletik eta Lanbidetik.

Honako hauek dira eskatzen dituzten baldintzak:

  • Igeltserotza-, elektrizitate-, pintura- edo iturgintza-lanetan lan-bideko ziurtagiriaren bidez egiaztatutako lan-esperientzia.
  • Langabezian egotea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
  • Elgoibar, Mendaro, Soraluze, Deba edo Mutrikun erroldatuta egotea.

Izena eman nahi dutenek Lanbideren Elgoibarko egoitzan edo www.lanbide.eus webgunean egin dezakete.
Enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako 2023ko dirulaguntzen barruan, Elgoibarko Udalak 82.056 euroko diru-laguntza jaso du guztira eta laguntza hori baliatuko du lanpostu horien, eta beste batzuen, deialdia martxan jartzeko.

Informazio osoagoa: www.lanbide.eus.