Giro onean joan zen San Pedro Eguna Idotorben

Barren.eus 2023ko eka. 30a, 13:34

San Pedro Eguna ospatuz hasi dituzte jaiak Idotorbe baserri-auzoan. Prozesioa, dantza, musika eta herri bazkaria izan zituzten atzo, besteak beste. Astebururako ere bete betea dator jaietako egitaraua.

Atzo hasi zituzten jaiak Idotorben, auzoko sainduaren irudia prozesioan aterata, urte luzeetako usadioari segika. Gero, Haritz dantzari taldekoek aurreskua eta soka-dantza dantzatu zituzten auzotarrekin. Pilota partidaren txanda izan zen gero. Afizionatu mailako pilotarien arteko partida antolatu zuen Lagunak Pilota Eskolak eta ikuskizun aparta eman zuten lau pilotariek, horma eskuinaldean edukitzeagatik berezia den auzoko frontoian. Aitor Atxotegik eta Ander Agirrezabalak osatutako bikoteak 22 eta 21 irabazi zion Alex Juaristik eta Manex Balerdik osatutako bikoteari. Pilota partidaren ostean, auzotarren bazkaria egin zuten San Pedro tabernan.

Gaur, barikua, 20:30ean hasiko dira jaietako ekitaldiak, lagun arteko afariarekin. Afalostean mus txapelketa izango da. Hona Idotorbeko jai batzordekoek lagatako zenbait argazki.

 

Hona San Pedro jaietako egitaraua:

Ekainak 30, barikua

  • 20:30 Lagun arteko afaria San Pedro Elkartean. 30 € pertsonako
  • 22:30 Mus txapelketa. 25 € bikoteko.
    1. saria: garaikurra eta saskia.
    2. saria: saskia.
    3. saria: sorpresa

Uztailak 1, zapatua

  • 16:00 Autobusa Txarridunako errotondatik. Joan-etorriak goizeko 04:00ak bitartean.
  • 16:30 Umeen jolasak eta Rusoren animaliak.
  • 18:30 Niala Magoa.
  • 21:00 Lagun arteko afaria San Pedro Jatetxean (943 740 010).
  • 23:30 Bide Batez taldearen erromeria.
  • Ordu txikitan, irrintzi txapelketa
  • Ondoren, berakatz zopa doan San Pedro Elkartean.

Uztailak 2, domeka

  • 12:00 Baltzola eta Andonegi soinujoleak.
  • 13:00 Bolo txapelketa.
  • Ondoren, Maite Gourmetek eskainitako pintxo dastaketa.
  • Bazkal ondoren erromeria.
  • 18:00 Errifen zozketa.

2023 06 29 san pedroak idotorbe txapligua

2023 06 29 san pedroak idotorbe haritz dantza

2023 06 29 san pedroak idotorbe musikariak

2023 06 29 san pedro jaiak pilota partida

2023 06 29 san pedroak idotorbe pilota