San Pedro Egunean, ekainaren 29an, hasiko dituzte jaiak Idotorben. Jaiei hasiera emateko txapliguak bota eta kanpai jotzea egingo dute goizean, eta sainduaren irudia prozesioan aterako dute gero, 11:00etan, meza ospatu aurretik eta ostean. Armueta harategiak eskainitako luntxa egongo da mezaostean. Haritz Euskal Dantzari Taldeak eskainitako aurreskua eta soka-dantza egingo dute gero, auzotarren laguntzarekin. Ondoren, Lagunak Pilota Elkarteak antolatutako pilota partidak jokatu dituzte. San Pedro Eguna borobiltzeko, auzotarren bazkaria egingo dute San Pedro tabernan, Txillarre, Arruabarrena eta Ramonek girotua.
San Pedro Elkartean egingo duten lagun arteko afariarekin hasiko dituzte barikurako prestatu dituzten ekitaldiak, 20:30ean, eta ondorenerako mus txapelketa antolatu dute. Zapatua eta domeka beteago datoz, hala ere. Gainera, zapatuan, Idotorbera igotzeko autobusa ere egongo da, Maalatik (16:00etik 04:00ak bitartean). Zapatu arratsaldean, umeentzako jolasak, Rusoren animaliak eta Niala magoaren ikuskizuna daude iragarrita, eta iluntzerako, beste afari bat San Pedro jatetxean (943 740 010). Ondoren, 23:30ean, erromeria izango dute Bide Batez taldearekin eta goizalderako irrintzi lehiaketa antolatu dute. Domekan, Baltzola eta Andonegi soinujoleek girotuko dute goiza eta 13:00etan bolo txapelketa izango dute. Txapelketa ondorenean, aho-sabaiak gozatzeko, pintxo dastaketa prestatuko du Maite Gourmetek, eta bazkalosterako erromeria lotu dute.
Hona San Pedro jaietako egitaraua, osorik:
Ekainak 29, eguena, San Pedro Eguna
- 10:30 Jai hasierako txapliguak eta kanpai jotzea.
- 11:00 Prozesioa eta meza nagusia.
- 12:00 Armueta harategiak eskainitako Luncha
- 12:30 Haritz Euskal Dantzari Taldeak eskainitako aurreskua eta soka-dantza auzotarrekin. Ondoren, Lagunak Pilota Elkarteak antolatutako pilota partida.
- 14:00 Auzotarren bazkaria San Pedro tabernan, Txillarre, Arruabarrena eta Ramonek girotua
Ekainak 30, barikua
- 20:30 Lagun arteko afaria San Pedro Elkartean. 30 € pertsonako
- 22:30 Mus txapelketa. 25 € bikoteko.
1. saria: garaikurra eta saskia.
2. saria: saskia.
3. saria: sorpresa
Uztailak 1, zapatua
- 16:00 Autobusa Txarridunako errotondatik. Joan-etorriak goizeko 04:00ak bitartean.
- 16:30 Umeen jolasak eta Rusoren animaliak.
- 18:30 Niala Magoa.
- 21:00 Lagun arteko afaria San Pedro Jatetxean (943 740 010).
- 23:30 Bide Batez taldearen erromeria.
- Ordu txikitan, irrintzi txapelketa
- Ondoren, berakatz zopa doan San Pedro Elkartean.
Uztailak 2, domeka
- 12:00 Baltzola eta Andonegi soinujoleak.
- 13:00 Bolo txapelketa.
- Ondoren, Maite Gourmetek eskainitako pintxo dastaketa.
- Bazkal ondoren erromeria.
- 18:00 Errifen zozketa.