Mikel Gurrutxaga eta Ainhoa Lendinez gailendu dira Nahaste Borrasten

Barren.eus 2023ko eka. 30a, 19:53

Azken urteetako parte hartzaile kopuru handienetakoa izan du gaur jokatu duten 37. Nahaste Borraste kirol probak, 42 parte hartzaile; alabaina, parte hartu ez dutenetan egon da azken orduko albistea irteera eman aurreko minutuetan, kalez jantzita agertu baita hamar alditan lasterketa irabazi duen Iñigo Lariz.

Parte hartzekoa zen arren gaur ez parte hartzea erabaki du. Hala, ziurra zen izen berri bat gehituko zela gaur irabazleen palmaresera. Urtero moduan, 7 kilometroko bizikletako probarekin hasi da Nahaste Borraste, eta parte hartzaileak ziztu bizian irten dira Txankakoa zubitik errepidera irten diren unean. Kalegoen plaza, kalebarren eta bereziki Errosario kalea jendez beterik egon dira. Ailegatu dira lehen partaideak 25 kiloko zakuak zain zituzten tokira. Mikel Gurrutxaga izan da azkarrena bizikleta gainean, baina ia elkarrekin heldu dira lehen hirurak. Zakua bizkarrean zuela metro batzuetako abantailarekin egin du korrika Iker Beristainek San Bartolome kalean behera, baina Errosario kalearen azken zatira eta plazara, elkarrekin ailegatu dira Gurrutxaga eta Beristain. Oier Etxeberria ere gainean zuten. Korrika egin beharreko 1.5 kilometroko ibilbidean Gurrutxaga izan da nagusi eta bakarrik gurutzatu du helmuga marra, 17:52ko denborarekin. 18 segundoko aldea atera dio bigarren egin duen Oier Etxeberriari eta minutu eta 20 segundokoa hirugarren postuan iritsi den Iker Beristaini.

Emakumezkoetan bi partaide izan dira Ainhoa eta Nerea Lendinez ahizpak, eta hamaseigarren garaipena lortu du ahizpetan zaharrenak, Ainhoak, 21:27ko denborarekin. Proba hau behin baino gehiagoan irabazitakoa den Martin Dominguez izan da onena beteranoetan eta sailkapen nagusian hirugarren egin duen Iker Beristain izan da onena gazteen sailkapenean. Azken bi ekitaldietan baino lagun gehiagok hartu dute parte gaurkoan, 42 lagunek: 31 izan ziren iaz eta 21 2019koan.

 

2023 06 30 nahaste borraste irteera BARREN

2023 06 30 nahaste borraste irabazlea mikel gurrutxaga helmuga BARREN

2023 06 30 nahaste borraste ainhoa lendinez zakuagaz BARREN

2023 06 30 Nahaste Borraste errosarion BARREN

2023 06 30 nahaste borraste danak amaieran BARREN

∞Azken urteetako irabazleak: