Nahaste Borraste proba herrikoiaren 34. ekinaldia jokatu da gaur Elgoibarko kaleetan. Guztira 36 lagunek hartu dute parte, tartean emakume bakarrak.
Alkoholaren eraginpean zihoan gidari batek harrapatuta hil diren Villabonako andre-gizonak gogoan izan ditu Kimetz elkarteak probaren hasieran eta minutu bateko isilunea egin dute irteera eman aurretik. Gero bizikleta probari ekin diote parte hartzaileek Kalegoen plazatik. Iñigo Lariz izan da berriro plazara ailegatzen lehena, alde nabarmenarekin. Gorka Gonzalezek amaitu ditu bizikletako lanak bigarren postuan eta Asier Basurto ailegatu da hirugarren postuan. Zakua bizkarrean hartuta egin beharreko zatian eta saltakako azken proban aurkariekiko aldea gizendu du Larizek eta kale oso bateko aldearekin gurutzatu du helmugako marra. Zortzigarrengoz irabazi du Nahaste Borraste. Hamazortzi minutu eta 25 segundoan osatu du ibilbidea.Jon Larrañaga mendaroarra sailkatu da bigarren postuan (19:12), atzetik aurrera eginez, seigarren postuan hasi baitu zakuaren proba. Gorka Gonzalezek egin du hirugarren (19:35).
Emakumezkoetan Ainhoa Lendinezek irabazi du proba 21 minutu eta 29 egundoko denbora eginda.
∞Azken urteetako irabazleak:
- 2017ko Nahaste Borraste Iñigo Larizek eta Ainhoa Lendinezek irabazi zuten; 2016ko Nahaste Borrastea Iñigo Larizek irabazi zuen; 2015ekoan ere Iñigo Lariz gailendu zen; 2014koa Jorge Gonzalezek;2013koa Jose Antonio Ruizek; 2012. urtekoa,2011koa eta 2010eko Nahaste Borrasteak Iñigo Larizek irabazi zituen, 2009koa David Condek, 2008koa ñigo Larizek; Jose Antonio Ruizek 2007koa eta 2006koa David Condek irabazi zuen.