Zehazki, Elgoibar BHI institutuko Batxilergo Teknologikoko 1. mailako sei ikaslek hartu dute parte ekimenean, eta bost industria-enpresa eta teknologia-zentro bisitatu dituzte: Ideko, Sariki, ABC, Danobat eta Soraluce.
Debegesatik jakinarazi dutenez, ekimen honen helburu nagusia estereotipoak apurtzea da, goiz batean enpresetan egiten dituzten jarduerak eta egiten dituzten lan teknikoak ikasleei erakutsiz. Bisitaldi bakoitzean, profil teknikoa duen emakume batek egiten die anfitrio lana ikasleei, sektorean dauden emakumezko erreferenteak erakusteko; bere lanpostua zertan datzan azaltzen die ikasleei, eta errealitate industrialari buruzko ikuspegi orokorragoa izateko xehetasunak azaltzen dizkiete, beharginek betetzen dituzten eginkizunen eta zereginen berri izan dezaten, eta lanbide-profil hori garatzeko zer prestakuntza behar den argi izan dezaten.
“Helburua da neskek etorkizuneko aukera profesionala STEAMekin zerikusia duten lanpostuen ezagutzatik abiatuta egitea, eta, gainera, sektoreko emakume profesionalen eskutik, emakumezko erreferenteak izateko” azaldu du Elena Alonsok, Debegesako Enplegu eta Gizarte Berrikuntza Saileko arduradunak. STEMen esparruan emakumeen eredu eta erreferenterik eza da industrian ia emakumerik ez egotearen arrazoietako bat” gehitu du.
Industrian emakumeen presentzia giza eskubideen kontua ez ezik, lehiakortasuna eta ekonomiaren indarberritzea bermatzeko funtsezkoa ere badela aldarrikatu du Alonsok. Eta datuak eman ditu: "Emakumeak euskal industriako lanpostuen %20 baino ez dira eta sektorea funtsezkoa da erkidego honetan, baina oso maskulinizatua dago. Debegesaren helburuetako bat da genero-estereotipoak desagerraraztea, gazteek karrera teknikoak ikastea eta sektore horietan emakumeak ikusaraztea", esan du.
Egitasmora batu diren enpresez esan du "borondate osoz" hartu dutela parte proba pilotu honetan, eta oso pozik daudela lortutako emaitzekin. "Neskak pozik daude bisitarekin, eta lanpostu bakoitzean egiten diren lanen ideia errealagoa egin ahal izan dute” dio Alonsok. Orain, emaitzen balorazioa egingo dute Debabarreneko Steam Foroan parte hartzen duten erakundeekin batera, eta eskualdeko beste ikastetxe batzuetara hedatzeari buruzko erabakia hartuko dute.