Modu positiboan baloratu dute Udalak eta Patronatuak Gipuzkoako Herri Titularitateko Kirol Instalazioen Sektore-Hitzarmena

Barren.eus 2023ko uzt. 14a, 11:15

Uztailaren 10ean sinatu zuten  Gipuzkoako Herri Titularitateko Kirol Instalazioen hitzarmena, eta Elgoibarko Udalak eta Kirol Patronatuak modu positiboan baloratu du hitzarmen hori, eta esan dute, horri esker, langileen lan baldintzak hobetuko direla. 

 

Elgoibarko Udalak eta Udal Kirol Patronatuak "oso modu positiboan" baloratu dute aurreko astelehenean, uztailak 10, LAB, UGT, CCOO sindikatuek eta Gipuzkoako Kiroldegietan zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek lortu zuten akordioa; izan ere, akordio horri esker lortu dute Gipuzkoako Herri Titularitateko Kirol Instalazioen Sektore-Hitzarmena sinatzea, 2012tik berritu gabe zegoena. Hitzarmen berri honek zuzenean eragingo die Olaizaga kiroldegiko eta Mintxetako BPXport enpresako monitore eta sorosleei, eta Udaletik azaldu dutenez, hitzarmen horrek langile horien lan baldintzak hobetzea ekarriko du. "Besteak beste, %12ko igoera ezarriko da monitore eta sorosleen soldata taula guztietan eta konpentsaziozko ordainketa bat egingo da 2012tik hona KPIn izan dituzten galerengatik. Horretaz gain, kontuan izan behar da datozen urteotako KPI eguneratuko dela eta urteko lanaldia 1592 ordura murriztuko dela", azaldu dute Udalak eta Patronatuak prentsa ohar bidez. 

Udalak eta Patronatuak esan dute hasieratik erakutsi dutela gatazka hau konpontzeko konpromisoa, eta azaldu dute azken asteetan hainbat bilera egin dituztela, bai BPXport enpresarekin, ELA sindikatuarekin eta greban dauden langileekin, "hitz egitera eta jarrerak adostera eseri daitezela eskatzeko".

Patronatutik emandako datuen arabera, dagoeneko, 16 sorosle eta monitore zerbitzua normaltasun osoz eskaintzen ari dira, baina oraindik lau langile greban daude ia 3 hilabetez.  "horrek ondorio txarrak ditu gure herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuetan, bereziki, Olaizaga kiroldegiko igerilekuan eta 60 urtetik gorako adinekoei "Elgoibar Sasoian” programaren baitan eskaintzen dizkiegun ikastaroetan", azaldu dute.