Eguerdian Plazan dantzan saioa egin zuten Inguma taldekoek gidatuta eta eskualde osoko jendea inguratu zen dantzara. Ondoren, dantzara batutako gehienak eta herriko nahiz kanpotik etorritako beste zenbait frontoira batu ziren, bazkaltzera. In Leikekoek liburuskak ere banatu zituzten kanturako eta halaxe egin zuten bazkalostean. Juan Arriola "Arta" herriko musikaria ekarri zuten saioa gidatzera, baina bazkaltzen zeuden Andoni Riaño herriko musikaria eta Inguma taldeko Olatz Aitzaguena, Ander Blasco eta Vanesa Garay batu zitzaizkion laguntzera, eta elkarrekin saio ederra osatu zuten. Kantu saioaren ondoren, zain zituzten Saioa Lizarralde eta Leandro Esnaola trikitilariak, eta haiekin kalez kale jardun ziren kantuan eta dantzan. 20:30erako afaltzera batu ziren berriro frontoira. Bertso bazkaria zuen antolatua In Leikek eta 80 bat lagun inguru batu ziren afaritarako. Iker Zubeldia eta Julio Soto aritu ziren bertsotan, librean lehenengo eta gaia emanda gero. Idoia Narbaizak egin zituen gai-jartzaile lanak eta gogotik gozatu zuten bertsozaleek. Lanak ez dira amaitu, baina. Gaur dena jaso eta balorazioak egiteko ordua da.
ARGAZKI-BILDUMA: 2023ko Mendaroko Garagardo Azoka solidarioa
∞Lotura duten albisteak:
- Zabaldu dute Mendaron garagardo azoka solidarioa (2023-07-14)
- Jendetza handia ibili da gaur Mendaroko garagardo azokan (2023-07-14)