Zabaldu dute Mendaron garagardo azoka solidarioa

Barren.eus 2023ko uzt. 14a, 08:51

 

 
Estreinakoz batu ziren atzo minbizia dutenei laguntzen ari diren Gipuzkoako elkarteetako ordezkariak, Mendaron. San Agustin kulturgunean izan zen solasaldia eta bertan bost elkartetako ordezkariak eta Maria Muñoz Caffarel Biodonostia Institutuan ari den Ikerbasqueko ikertzailea batu zituzten. Caffarelek minbizia zer den azaldu zuen, eta gizartean oso zabalduta dauden uste okerrak ere zuzendu zituen. Horietako bat bularreko minbiziaz esan ohi dena: minbizia onetako bat dela eta sendatu egiten dela. Muñozek esan zuen gaur egun zortzi emakumetik batek izango duela noizbait bularreko minbizia eta kasuen %70 sendatu egingo direla, baina gainerako %30entzat, gaur gaurkoz, ez dagoela sendabiderik. Bularreko minbizi metastasikoa esaten zaio gaur sendaezintzat daukagun horri. Eta azpimarra hor jarrita gogoratu zuen zein garrantzitsua den ikerkuntzan dirua inbertitzea. Hain justu ere, Mendaron egunotan batuko duten dirua Maria Muñoz Caffarel eta Amaia Zipritria ikertzaileek zuzentzen duten proiekturako izango da, bularreko minbizi metastasikoaren kontrako immunoterapia berri bat ikertzeko. Immunitate-sistemaren aktibazioan datzan terapia biologikoari esaten diogu immunoterapia. Immunitate-sistemak babesten gaitu kanpoko erasotzaileengandik nahiz gure gorputzak sortutakoengandik, esaterako minbizitik. Baina, orain arte, eta urte askoan, zelula kantzerigenoei eraso izan diete beti, kimioterapia erabilita edota terapia bideratuagoak erabilita, eta orain, immunoterapiaren bidez lortu nahi dutena da erdi loan gelditu den immunitate-sistema hor berriz heztea, tumorearen kontra egiteko esna dadin.
 
Maria Muñoz Caffarelen atzetik, elkarteetako ordezkariek tarte laburrago bat izan zuten, bakoitzaren egitekoa azaltzeko. Argi gelditu zen elkarte guztien egiteko nagusia minbizia dutenei eta haien gertukoei laguntzea dela, "akonpainamendua", eta ezinbesteko ikusten dutela denek ikerkuntzara diru gehiago bideratzea, ikertzeak bizitza luzatzea esan nahi duelako. Pozik agertu ziren, era berean, estreinako aldia zelako elkarte ezberdinetakoak mahai beraren bueltan batzen zirena eta eskerrak eman zizkioten horregatik Mendaroko Udalari. Nork bere esparrua dauka, egiteko bera izanda ere, baina haien artean konpetentziarik ez dela nabarmendu zuten guztiek. Guztiak eta bi dira beharrezko minbizia dutenentzat. 
 
San Agustinen hitzaldia ematen ari ziren tarte berean, frontoian, haurrentzako tailerra zuten prestatuta antolatzaileek. Gaurko gaileta tailerrerako mantelak eta txapelak apaindu zituzten haurrek, eta bestelako eskulanak ere egin zituzten. Parez pare, jubilatuen ondoko lokalean, euskal jantzi tradizionalen erakusketa ere zabaldu zuten In Leike kultur elkartekoek eta Yulia Prokopenkok. Haritz Euskal Dantzari Taldekoek lagatako maskaradetako bost jantzi eta Gloria Sukia jostun debarrak jositako beste dozenatik gora jantzi daude erakusgai.
 
Frontoia izango da garagardo azokako gune zentrala, eta dena prest zuten bezperatik  datozen egunetan jendea hartzeko. Atzoko afaria berezia izan zen, Kilimon elkartean sukaldatu zuten Ukrainako jatekoa afaldu zutelako, baina gaur eguerditik domeka gauera, garagardo azoketako ohiko jatekoa zerbitzatuko dute frontoian. Gaur, eguerdirako, inguruko enpresa askotako langileek eman dute izena. Opor aurreko bazkaria egingo dute askok eta askok Mendaron, eta ondoren, zain izango dute zezen mekanikoa plazan, nork bere abileziak erakusteko. Hona gaurko egitaraua eta ARGAZKI GEHIAGO:
 
 
09:30-12:30 Gailetak egiteko tailerra haurrentzat, Galletiak-en eskutik.
14:00-17:00 Enpresa bazkariak, frontoian.
18:00-20:00 Zezen mekanikoa, Herriko Enparantzan. DJ Estherrek girotuko du.
20:30-23:30 Afaria, frontoian
23:30 Oraiko Remember. DJ Esther, Uztargiko terrazan.
 
2023 07 13 Garagardo azoka

2023 07 13 Garagardo azoka aurkezpena

 
2023 07 13 Garagardo azoka eskulanak
 

2023 07 14 bularreko minbizia hitzaldia

 
2023 07 14 Garagardo azoka minbiziaren kontrako elkarteetakoak eta ikertzaileak