Verdini taldekoek pasioz eta emozioz beteriko dantza saioa eman dute Maalan

Barren.eus 2023ko uzt. 23a, 14:41

'Kultura ilargipean' egitasmoaren barruan, Verdini dantza taldekoek egiten duten lana gertutik ezagutu eta sentitzeko aukera izan zuten zapatu gauean Maalako parkera gerturatu ziren herritarrek. (bideoa)

'Ilunpetik argira' dokumentalaren emanaldiarekin hasi zen gaua, bezperan Folklore jaialdia egin zuten eszenatoki berean. Mondragon Unibertsitateko hiru ikaslek ondu dute Verdini dantza taldeari buruzko ikus-entzunezkoa, tartean Janire Rodriguez De Gabriel elgoibartarrak, eta hirurek aurkeztu zuten euren lana jendaurrean, Isabel Verdini dantzari eta koreografoa alboan zutela. Azken honek sortu zuen dantza taldea 1992an, bere iloba Down sindromearekin jaio zenean, eta ordutik asko egin du aniztasun funtzionala duten pertsonei dantzarako aukera emateko.

Domumentalaren proiekzioaren ostean, pantailatik oholtzara egin zuten protagonistek, dantzariek, eta dantza garaikideen ordu eta erdiko erakustaldia eman zuten. Dantzarako duten pasioa eta teknika baliatuz, emozioak transmititu zituzten, publikoa irabazteraino. Ikusleek, eserlekuetatik altxata eta txalo zaparrada luzearekin eskertu zuten dantzaldian ikusitakoa.

 Gau "magikoa" izan zela esan dute Verdinikoek, eta pozik daude ikusleen erantzunarekin eta lekuaren egokiera aproposa ere txalotu dute, "kalean dantzan, argiak, soinua eta bideo-pantaila bikain muntatuta dituen eszenatoki batean. Eskerrik asko Elgoibar!", adierazi dute.

 

2023 07 22 Verdini dantzaldia Elgoibar BARREN janire

2023 07 22 Verdini dantzaldia Elgoibar BARREN 1

2023 07 22 Verdini dantzaldia Elgoibar BARREN maskarak

2023 07 22 Verdini dantzaldia Elgoibar BARREN mask2

2023 07 22 Verdini dantzaldia Elgoibar BARREN 21

2023 07 22 Verdini dantzaldia Elgoibar BARREN

2023 07 22 Verdini dantzaldia Elgoibar BARREN 12

2023 07 22 Verdini dantzaldia Elgoibar BARREN agurra